
Kurlinta handiak San Lorentzon
Hotzaren beldur lurralde epelagoak bilatzen dituzte Europa iparraldean bizi diren hegaztiek. Espezie askok gure eskualdea zeharkatzen dute, baita batzuek indarrak berreskuratzeko geldialdia egin ere; atseden hartu, zerbait jan, eta berriz Afrika iparralderainoko bideari ekin.
Eguraldia okertzen denean bisitariak ugaltzen dira, baina denboralea bera hegaztizaleen etsai ere bada, hegaldunak bistatzea zailtzen baitu. Egunotan kontrakoa gertatzen ari da. Aurreko hotzen ondorengo epeltzearekin eta haizearen lasaitzearekin, hegazti asko eta asko ari da urmaelak bisitatzen, eta zeru garbiak haiek ikustea baimendu du: anatidoak, zangaluzeak, lohi-hegaztiak… San Lorentzo aintziraren inguruan kokatzen diren hiru etxolak uneoro jendez beteta egon dira asteburuan. Eta arratsean,
Gainera, udazkenak zuhaitzetan eta zuhaixketan eginiko garbiketari esker, oso agerian izan dira urteko beste garaietan ikusteko zailak diren txoriak. Goizeroko lanbroari altxatzen utziz gero, abaraxken artean amilotx urdina (Cyanistes caeruleus), gailupa (Pyrrhula pyrrhula) eta lezkari arruntaren (Acrocrphalus scripaeus) dantza-kantuetaz gozatzeko egun onak dira oraindik aste honetakoak.
Ezohikoen presentzia
Asteburua ona izan da ezohiko hegaztiak somatzeko ere, eta horrek isla izan du Plaiaundiko parkeko etxoletan pilatutako natura-argazkilarien, ornitologoen zein hegaztizaleen kopuruan. Objetiboekin gehien bilatu dutenetako bat alito handia (Gavia immer) izan da, astebetez marea gorarekin itsasadarrean agertu izan dena. Afrika iparralderako bidaia konpainiarik gabe edo multzo txikietan egitea gustoko dutenen beste ale batzuk ere agertu dira gurean, besteak beste, ahatebeltz arrunta (Melanitta nigra) eta paita arrunta (Tadorna tadorna).
Abenduaren 2an, bi zerra handi (Mergus merganser) ikusi ahal izan ziren San Lorentzoko urmaelean. Penintsulan oso agerraldi txikia izaten du, beti ere, hotz handiko egunetan. Lau egun lehenago Hondarribiko Butroi ibilbidean paseatzen ari zirenek mendebal-txori mokolodi (Phalaropus fulicarius) ale bat ikusi ahal izan zuten. Iazko abenduaren 8an espezie bereko ale bat Plaiaundiko ur-gezako aintziran agertu zelaren albistea sarean zabaldu eta gutxira, hamaika hegaztizale hurbildu ziren Plaiaundira Euskal Herriko hainbat probintzietatik. Nonbait prozesu migratzailea ez da hegaztiei mugatzen den zerbait; txorien zaleak ere mugitzen dira udazkenean, txoriek egiten duten bezala.