Materia organikoaren kalitatea hobetzeko eskatu diote Oiartzuni
Gipuzkoako Hondakin Partzuergoak berriro dio atez atekoaren materia kalitate txarrekoa dela
Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak ultimatuma helarazi dio Oiartzuni atez ate jasotzen duen materia organikoaren kalitatea hobetu dezan. Ultimatum bera helarazi die Hernaniri eta Usurbili ere. Partzuergoaren arabera, atez atekoarekin biltzen duten materia organikoa «oso kalitate txarrekoa da» eta zabortegira eramaten bota behar izaten dute. Materiaren kalitateak hobera egiten ez badu, Partzuergoak biohondakina berak kudeatuko duela ohartarazi du.
Gipuzkoako Hondakin Partzuergoak jakinarazitakoaren arabera, materia organikoak ez ditu oinarrizko baldintzak betetzen konposta egin aha izateko, baina hala ere, hiru herri horiek euren materia Lapatxera (Azpeitiara) bidaltzen jarraitzen dute
Oiartzunen materia, ona
Duela hilabete eta erdi eman zituen Partzuergoak Oiartzungo, Hernaniko eta Usurbilgo materia organikoaren kalitatearen gaineko lehenengo informazioak. Hiru herriek ukatu egin zuten halakorik. Oiartzunek, esaterako, jakinarazi zuen herrian bildutako materia organikoaren kalitatea %99,6koa dela, eta horiek direla Udalak Partzuergoaren aldetik jasotako datuak.
«Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak berak kontratatutako Novotec enpresa independenteak ekainean Oiartzundik Lapatxeko konpostatze-plantara eramandako materia organikoaren azterketan jasotako emaitzak dira horiek», gogorarazi du Udala. Bestalde, berriro, ez du ulertzen Partzuergoak zergatik esaten dituen «gezurrak» eta zergatik zabaltzen dituen prentsan, eurei beste datuak helarazten badizkiete.
Partzuergoak esanak esan, hiru herriek lanean jarraituko dutela iragarri dute.