Lanean ari dira eskolaz kanpoko ekintzak euskaraz eskaintzeko
Oarsoaldeko Euskara Batzordea eta eskualdeko lau udalak lanean ari dira haurrei zuzendutako eskolaz kanpoko ekintza guztiak euskaraz izan daitezen. Hala, 8-12 urte arteko haurrentzako ekintzak dituzten elkarteentzako eta klubentzako ekimenak ari dira a...
Oarsoaldeko Euskara Batzordea eta eskualdeko lau udalak lanean ari dira haurrei zuzendutako eskolaz kanpoko ekintza guztiak euskaraz izan daitezen. Hala, 8-12 urte arteko haurrentzako ekintzak dituzten elkarteentzako eta klubentzako ekimenak ari dira aurrera eramaten. Helburua da, hain zuzen, 12 urtetik beherako jarduera guztiak euskaraz eskaintzea.
Ekimen horrek 2008an Errenteriako, Lezoko, Pasaiako eta Oiartzungo udalek hartutako hitzarmenean dauka jatorria. Ander Poza Oarsoaldea Euskara Batzordeko presidenteak azaldu duenez, orduan, lau udalek konpromisoa hartu zuten eurek antolatutako eta 12 urtetik beherako haurrei zuzendutako ekintzak eta jarduerak euskaraz izan daitezen. Era berean, herrietako elkarteei eta klubei ildo berari jarraitzeko deia egin zieten, hori lortzeko laguntza eskainiz. Orain, berriz, elkarteak helburu bera lortzeko lanean jarraitzera animatu ditu.
Horrenbestez, gurasoei eta adin horretako haurrei eskainitako jarduerak euskaraz eskatzeko eta euskarazko eskaintza hautatzeko gomendatu die Pozak Oarsoaldeko Euskara Batzordeak ikastetxeen bidez banatutako esku orri batean. Bertan, udalek eurek ere jarduerak euskaraz eskaintzeak duen garrantzia nabarmentzen diete elkarteei eta norabide horretan urratsak egiteko eskatu die.
“Oso garrantzitsua da ikasketa prozesua euskaraz egiten ari diren haurrak jarduera ludikoak ere euskaraz gauzatzea, horrek euskararekiko lotura sendotzeaz gain, erabilpenean erraztasuna lortzen lagunduko baitio”, adierazi du Pozak.