‘Mirentxu’ zarzuela azalduko dute Trintxerpen
Zarzuelaren dibulgazioa egingo dute etzi Trintxerpeko alkateordetzan Pasaia Musikal Musika Eskolaren ekimenez. Oihana Reguela kantuko irakasleak Mirentxu zarzuelaren ezaugarriak azalduko dizkie 19:30etik aurrera alkateordetzara hurbiltzen direnei. Em...
Zarzuelaren dibulgazioa egingo dute etzi Trintxerpeko alkateordetzan Pasaia Musikal Musika Eskolaren ekimenez. Oihana Reguela kantuko irakasleak Mirentxu zarzuelaren ezaugarriak azalduko dizkie 19:30etik aurrera alkateordetzara hurbiltzen direnei. Emanaldiak bi ordu iraungo du.
Pasaia Musikalek beste hainbat ekitaldi ere eskainiko ditu asteburuan. Etzi, esaterako, Illumbe Abesbatzak emanaldia eskainiko du Donibaneko kiroldegian, Euskadiko XXX. Gipuzkoar Erako Aurresku Txapelketaren haritik, 19:00etatik aurrera.
Bestalde, Illumbe Akordeoi Orkestrak kontzertua emango du Sabadelleko Orkestrarekin, Ander Telleriarekin eta Hausokarekin batera. Lehen emanaldia larunbatean izango da, Trintxerpeko parrokian, 20:00etatik aurrera. Parrokiak hogeita bosgarren urtea beteko duen ildotik emango dute kontzertua . Bigarren emanaldia igandean izango da, Donostiako Udaleko pleno aretoan, 12:00etan.
Konstantzia bandaren kontzertua
Donibaneko Konstantzia bandak herriko txokoak alaituko ditu igandean Santa Zezilia musikarien zaindariaren omenez. Horrela, goizeko hamarretan kalejira hasiko du Santiago plazan. Hortik parrokiara joango dira Molinatxo habaneraren, Juan Carlos Calderonen Eres tú eta Kortaturen Sarri-Sarri abestien musikaz alaituta.
10:30ean emanaldia eskainiko dute mezan, eta ondoren, parrokiatik plazara kalejiran joango dira. 12:45ean kontzertua emango dute Santiago plazan.