ELAren arabera kanpo kaiaren egitasmoa “onartezina eta bideraezina” da
“Sozialki, ekonomikoki eta ekologikoki bideraezina” dela iritzita ELA sindikatua Pasaiako kanpo kaia eraikitzearen kontra agertu da. Gizartean diru publikoak erantzun beharko lituzkeen bestelako lehentasunak daudela iritzi dio sindikatuak. ...
“Sozialki, ekonomikoki eta ekologikoki bideraezina” dela iritzita ELA sindikatua Pasaiako kanpo kaia eraikitzearen kontra agertu da. Gizartean diru publikoak erantzun beharko lituzkeen bestelako lehentasunak daudela iritzi dio sindikatuak. Aitzitik, proiektu honen bultzatzaileek enpresa gutxi batzuen negozioa bultzatu beste helbururik ez dutela dio ELAk. Atzo egin zituzten aipatu adierazpenak Mikel Novalesek, Ainata Plazaolak eta Xabier Perezek, kanpo kaiaren proiektu aren plan zuzentzaileari zein ingurumen txostenari sindikatuak jarritako helegiteak aurkezteko deitutako prentsaurrekoan. “Egungo portua berritu eta bertan dauden baliabideak optimizatzearen alde dago ELA, eta badiaren biziberritzea hortik abiatu beharko litzatekeela defendatu du. Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa ere, kolokan dagoela iritzi dio ELAk, merkantzien trafikoak behera egin duelako, eta egin diren aurreikuspenak ez direlako era bat fidagarriak. Horrez gain, finantzazioaren ikuspegitik proiektuaren bultzatzaileak dituzten arazoak nabarmendu ditu ELAk, krisi egoera kapital pribatua erakartzeko zailtasunak handiak izango direla iritzita.Jaizkibelgo balio ekologikoari erreparatuta ere, proiektuarekin kritikoa da ELA. Kanpo kaiaren eraikuntzak atzera ezinezkoak izango diren ondorioak izango dituela uste dute, eta horrez gain proposatzen diren neurri zuzentzaileak “irrigarriak eta hutsalak” direla diote.