Zatikako Planari buruzko bilera egingo dute bihar arratsaldean
Datorren hilabetean Eusko Jaurlaritzak Donostialdeko Zatikako Plana (PTP) onartu nahi duela eta, Lezoko bizilagunek bilera egingo dute bihar arratsaldean. Donibane kaleko Kultura Aretoan bilduko dira, 19:00etatik aurrera. Deialdi irekia da. Zatikako Pl...
Datorren hilabetean Eusko Jaurlaritzak Donostialdeko Zatikako Plana (PTP) onartu nahi duela eta, Lezoko bizilagunek bilera egingo dute bihar arratsaldean. Donibane kaleko Kultura Aretoan bilduko dira, 19:00etatik aurrera. Deialdi irekia da.
Zatikako Plan horren arabera, azpiegitura “erraldoi” ugari egingo dituztela salatu du herritar talde batek. Horrela, eraiki nahi duten 180 hektareako plataforma logistikoak Makarrastegi, Patxilaborda, Arriaundi eta Apaiziartza errekak lurperatuko lituzkeela salatu dute. “Egun ezagutzen dugun bailara guztiz suntsituko luke”, gaineratu dute.
Horrez gain, Urrullon —«Lezoko landa lur onenetan»— kaiarekin lotura egingo lukeen errepidea eta trenbidea ere sare horretan sartuko liratekeela salatu dute. Berdin Herriondon egin nahi duten errepidearekin.
Plan hori bere horretan onartzen badute, Udalak bere egitasmoetan sartu beharko duela esan dute. “Helegiteak egiteko epea irekita dago eta Lezoren desadostasuna adierazteko unea da. Bestela, plan hau inongo kontrakotasunik gabe onetsiko da”, gaineratu dute. Esan dutenez, Lezoko Udalari helegiteak jartzeko eskatuko diote, “herriaren ingurune naturala babesteko”.