Hendaiako herriko Etxeak eta Bil ta Garbi sindikatuak bat egingo dute bigarren urtez hilaren 20tik 28ra ospatuko den Hondakinak Murrizteko Europako Astearekin. Igandearekin ganbara huste berezia antolatu dute Merkatu Zaharrean, eta heldu den astean zehar beste hainbat ekintza burutuko dituzte, besteak beste, herriko bi supermerkatuetan. Hondakinak murrizteko lehen ekintza heldu den igandean burutuko dute Hendaian, egun osoz. 10:00etatik 19:00etara bitarte ganbara hustea (bigarren eskuko merkatua) antolatu dute Merkatu Zaharrean. Gauzek «bizitza badutela» erakutsi nahi dute antolatzaileek. Horregatik, hiru ardatz izango ditu igandeko merkatuak: konpontzea, ematea eta saltzea. Azokan bildutako ofizialak saltzeko utzitako gauzak konpontzen saiatu eta aurrekontuak egiten ere, ibiliko dira.

Kontsumitzailea hondakinak murrizten eragile izatea nahi dute
Astelehenetik ostiralera kontsumoari buruzko bi ekintza egingo dituzte herriko supermerkatuetan, «kontsumitzaileari erakusteko nola kontsumitu hondakin gutxiago sortzen». Konparaturiko orgak erabiliz marka eta errazio bereko ekoizkinen prezioak eta estalki kopurua konparatu ahal izanen dira. Kontsumitzaileak «planetaren aldeko keinua egin eta dirua aurreratu» dezakeela uste du Stephanie Dessein aholkulariak. Horrez gain, Stop saila etiketak ezarriko dira saltokietako sailetan, «hondakin gutxiago sortuko dituzten ekoizkinak» hautatzen laguntzeko.