Hamaikabat: “Pasaiako alkateak pasaitar guztion bidegabeko ordezkaritza hartzen du”
Portuko Agintaritza Kontseiluan Pasaiako udal ordezkariaren izendapenaren gainean (hilaren 6an egin zen udalbatzarra) hainbat adierazpen egin ditu Pasaiako Hamaikabatek. Miriam Cano Pasaiako Udaleko H1eko zinegotziaren arabera, Pasaiako alkateak “...
Portuko Agintaritza Kontseiluan Pasaiako udal ordezkariaren izendapenaren gainean (hilaren 6an egin zen udalbatzarra) hainbat adierazpen egin ditu Pasaiako Hamaikabatek. Miriam Cano Pasaiako Udaleko H1eko zinegotziaren arabera, Pasaiako alkateak “pasaitar guztion bidegabeko ordezkaritza hartzen du”. Horri erreferentzia eginez, honakoa esan du Pasaiako H1ek: “Berak alkatetza zazpi zinegotziren babesarekin lortu zuen, aipaturiko Kontseiluan Miriam Canoren udal ordezkaritzak, aldiz, bederatzi zinegotziren babesekin lortu zuen, hau da, gehiengo absolutuarekin”.
Era berean, eztabaida horretan gertatutako “manipulazioa eta nahasketa” salatu du, eta kanpo portuak “borroka honekin” zerikusirik ez duela nabarmendu du: “Gai honen inguruan Pasaiako Udalak erabateko iritzirik eduki ez duenez, bere ordezkaritza erabiltzerakoan kanpo portuari zegozkion aukera bakoitzean, abstenitzeko erabakia hartu du”.
Hilaren 6an egin zen udalbatzarrean alderdietako ordezkariei Maider Zigandak hitza kendu ziela salatu du Canok: “Bere hitzaldi politikoa egin ondoren, plenoa bukatutzat eman zuen. Horregatik, Hamaikabati galdera bat bururatzen zaio: nork eman zuen benetan estatu kolpea?”
Jaizkibian ordezkaritza
“Ziganda anderea Jaizkibian Udalaren ordezkari bezala dago, eta bertara ez ditu inoiz eraman Udalean beste ordezkariekin adostutako erabakiak, erakunde horretan bere alderdiaren ideiak azaldu ditu bakarrik”, adierazi du Hamaikabateko zinegotziak.