Martin Beramendi: galderak eta ondorioak (Karmele Rezola)
Hainbat artikulu irakurri ditut prentsan Martin Beramendik (Oiartzungo alkate izan zen 2003-2007 legegintzaldian, eta egun Hamaikabaten presidentea da Gipuzkoan) egindako ustezko lege hausteei eta irregulartasunei buruz. Hainbat ondorio atera ditut, baina era berean, hainbat duda edo galdera ditut. Hona hemen ondorioak: Bai, dirua desbideratu zuen Txarako parkean (Mendibilen). Batzuen arabera, 800.000 euro, eta besteen arabera, 454.000. Baina kontua ez da zenbat diru desbideratu zuen. Kontua da, jakin dugula Beramendik gehiegikeriaz jokatu zuela eta bere funtzioen muga gainditu zuela. Bere eskumenetatik kanpo zeuden erabakiak hartu zituen. Bere funtzioetatik haratago joan bazen, delitu zantzuak dauden ikusi beharko da, eta baldin badaude, izan daitezela auzitegiak azken erabakia hartuko dutenak. Egoera argitzeko hala izatea proposatu nahi dut. Bai, luxuzko jatetxeetan jan zuen eta Udaleko diru kutxatik ordaindu zituen otorduak. Gipuzkoako Hamaikabaten presidenteak gardentasuna eta argitasuna eskatzen du Udaleko kudeaketan. Ondo legoke predikatzen edo eskatzen duena betetzea. Jakinaraz dezala zeinekin eta zertara egin zituen otordu horiek. Orduan jakingo genuke dirua bidegabe erabili duen. Bai, Udalaren dokumentuak eta materialak eraman zituen. Batzuek diote originalak zirela eta ez zegoela kopiari udaletxean. Beste batzuek diote kopiak zirela. Originalak badira, dokumentu publikoak lapurtu eta gorde zituen. Honen aurrean, hainbat galdera etorri zaizkit burura: Zergatik eraman zituen Beramendi jaunak dokumentu [...]
Hainbat artikulu irakurri ditut prentsan Martin Beramendik (Oiartzungo alkate izan zen 2003-2007 legegintzaldian, eta egun Hamaikabaten presidentea da Gipuzkoan) egindako ustezko lege hausteei eta irregulartasunei buruz. Hainbat ondorio atera ditut, baina era berean, hainbat duda edo galdera ditut. Hona hemen ondorioak:
- Bai, dirua desbideratu zuen Txarako parkean (Mendibilen). Batzuen arabera, 800.000 euro, eta besteen arabera, 454.000. Baina kontua ez da zenbat diru desbideratu zuen. Kontua da, jakin dugula Beramendik gehiegikeriaz jokatu zuela eta bere funtzioen muga gainditu zuela. Bere eskumenetatik kanpo zeuden erabakiak hartu zituen. Bere funtzioetatik haratago joan bazen, delitu zantzuak dauden ikusi beharko da, eta baldin badaude, izan daitezela auzitegiak azken erabakia hartuko dutenak. Egoera argitzeko hala izatea proposatu nahi dut.
- Bai, luxuzko jatetxeetan jan zuen eta Udaleko diru kutxatik ordaindu zituen otorduak. Gipuzkoako Hamaikabaten presidenteak gardentasuna eta argitasuna eskatzen du Udaleko kudeaketan. Ondo legoke predikatzen edo eskatzen duena betetzea. Jakinaraz dezala zeinekin eta zertara egin zituen otordu horiek. Orduan jakingo genuke dirua bidegabe erabili duen.
- Bai, Udalaren dokumentuak eta materialak eraman zituen. Batzuek diote originalak zirela eta ez zegoela kopiari udaletxean. Beste batzuek diote kopiak zirela. Originalak badira, dokumentu publikoak lapurtu eta gorde zituen.
Honen aurrean, hainbat galdera etorri zaizkit burura:
- Zergatik eraman zituen Beramendi jaunak dokumentu horiek guztiak (21 kaxa)?
- Zergatik gorde zituen giltzapean?
- Zeinekin utzi zion horiek Udaletik ateratzen?
- Bakarrik egin zuen lan edo laguntzaileak izan zituen?
- Nork gehiago zekien gordetako dokumentu horiek existitzen zirela?
- Hiru urtetik gora egon dira dokumentu horiek giltzapean gordeta. Zein ondorio ekonomiko (eta baita bestelakoak ere) sortu ditu egoera horrek? Eta zer ondorio sor zitezkeen dokumentuak agertu ez balira?
- Eta hori guztia zeren truke?
- Irungo Ogasunaren antzeko kasu baten aurrean gaude?
Eskertuko nuke norbaitek galdera horiek erantzutea eta ditudan dudak argitzea.