Pagoetara joango dira Haurtzaroko mendizaleak
Urteko bigarren irteeran, Pagoetako Parke Naturalean barrena ibiliko dira datorren igandean (hilaren 14an), Haurtzaro Ikastolako Mendi Taldeko mendizaleak. Igandean, goizeko zortzietan aterako dira ikastolako aparkalekutik. Aia herrian botak ongi-ongi ...
Urteko bigarren irteeran, Pagoetako Parke Naturalean barrena ibiliko dira datorren igandean (hilaren 14an), Haurtzaro Ikastolako Mendi Taldeko mendizaleak.
Igandean, goizeko zortzietan aterako dira ikastolako aparkalekutik. Aia herrian botak ongi-ongi lotu, makilak hartu, eta Asteasuko bidean, berehala eskuinetara egingo dute, Bekozelaieta baserrirantz. Hemen eskuinetara hartu, eta Pagoetako gurutzera (676 metro) ailegatuko dira. Handik Zarautz eta kostako paraje zoragarrien ikuspegiaz gozatzeko aukera izango dute.
Jarraian, Lizarrako lepora iritsiko dira, eta handik Urdaneta auzora ailegatuko dira. Ondoren, Aierdimusuko lepoan barrena, pixkanaka-pixkanaka gora egingo dute hurrengo bi menditxoak zeharkatu eta hurrengo lepotik Indamendiko gurutzera (462 metro) iritsiko dira. Handik, Elkano auzora jaitsiko dira, Aiako udaletxea dagoen auzora.
Beraz, hilaren 14an, goizeko zortzietan, ikastolako aparkalekura agertu behar dute, mendi buelta hori egin nahi dutenek. Mendi Taldetik ohartarazi dutenez, komeni da aldatzeko arropa eta hamaiketakoa eramatea. Haurrek hiru euro ordaindu beharko dituzte eta helduek, sei.
Bestalde, ibilaldira joango diren haurren eta gaztetxoen artean, Sherpa Mendiko Tresnak Errenteria-Oreretako dendak eskaintzen dituen opariak zozkatuko dituzte, ibilaldian bertan.
Mendi Taldetik gogorarazi dute, urteko irteeren informazioa eta irteera horietako argazkiak ikastolako webgunean dauzkala ikusi nahi dituenak: www.haurtzaroikastola.net.