Pasa den denboraldia banderarik irabazi gabe pasatu ondoren, atzo
Opirata.com Banderaren lehenengo ekitaldia irabazi zuen Hondarribiak Moañan (Galizia). Bezperan, hamargarren izan ziren Moañako Banderan.
Mikel Orbañanos Hondarribiko entrenatzailearen arabera, “oso zaila da emaitza onak lortzea, baina gu gure lana ondo egiteko asmoarekin atera ginen”. Iaz ez zuten banderarik irabazi San Miguel Ligan, Moañan lortutakoa inflexio puntua izan daitekeela esan du Orbañanosek: “Oso pozik gaude, garaipen bat behar genuelako. Iaz ez genuen garaipenik lortu, nahiz eta oso hurbil gelditu ginen. Polita da tarteka garaipen bat lortzea, bai herriari zein arraunlariei animoak emateko”.
Hori bai, lehenengo txandan ateratzeak mesede pixka bat egin ziela onartu du berdeen entrenatzaileak. “Eguraldi aldetik, egoera onenean atera ginen”, dio, “baina egia esan, gu ere oso ondo aritu ginen. Bietan aritu ginen ondo”. Gaineratu duenez, estropadaren ezaugarriak “zailak” ziren, erlojupeko moduan aritu behar izan zutelako. Talde gaztea izanagatik, arraunlariak “egonkortzen” ari direla esan du Orbañanosek, eta gazteek errendimendu oso ona ematen ari direla esan du. “Saltoa bat eman dute, eta guretzako oso pozgarria da hori”.
Gainontzeko traineruei dagokionez, San Juan bosgarren izan zen larunbatean eta herenegun, berriz, hirugarren. Denboraldi erregularra egiten ari dira arrosak, eta sailkapen nagusian hirugarren postuan daude. Sanpedrotarrak, berriz, zortzigarren eta bederatzigarren izan dira. Sailkapen orokorrean ere bederatzigarren postuan daude moreak.
Etzi arratsaldean Gipuzkoako Traineruen Txapelketa jokatuko dute, Donostiako uretan. Hondarribiak iaz lortutako titulua errepikatu nahi du.
San Juango neskak, hirugarren
Atzo arratsaldean Zumaiako Bandera jokatu zuten, Gipuzkoako Emakumeen Ligan. Getaria-Tolosa trainerua izan zen onena Zumaiako uretan.
Oarso Bidasoko traineruen artean onena San Juan izan zen. Hirugarren iritisi ziren, irabazlearengandik hiru segundura. Hondarribia azken postuan gelditu zen, ziaboga estriborretik hartu zutelako.
Trintxerpe, bosgarren
KAE2 Ligako bosgarren estropada jokatu zuten Avilesen (Asturias, Espainia), atzo baita ere. Oarsoaldeko traineruek ezin izan zuten ohorezko postuetara hurbiltzerik izan. Onena, Trintxerpe-Illunbe trainerua izan zen. Bosgarren postuan gelditu ziren urdinak, Ondarroarengandik (irabazleak izan ziren) 38 segundora.
San Pedro B, berriz, zortzigarren izan zen. Euren bizilagunek baino 11 segundo gehiago behar izan zituzten estropada egiteko. Avileseko estropadan azkenekoa Hibaika izan zen.