[GALERIA] Euripean ere izugarri ederra izan da Beñat Elzo solidarioa

V. Beñat Elzo Mendi martxa

Mendi martxalariek euripean egin behar izan zuten ibilbide osoa

Eguraldiak ez zuen bat ere lagundu, baina hala ere, zientoka pertsona hurbildu ziren atzo goizean zehar V. Beñat Elzo Mendi Lasterketa solidarioan parte hartzera. Batzuek mendi martxan, beste batzuek mendi lasterketan, eta azkenek familien proban, azaroaren 1a Hondarribian elkartasunerako ezinbesteko eguna bilakatu dela demostratu zuten.

Eguraldia dela eta, aurreko urteetan baino jende gutxiago bildu zen kirol kaian, batez ere publikoari dagokionean. Familien lasterketa hasteko bost minutu falta zirela, orduantxe atertu zuen. Ordura arte, bota eta bota aritu zen goiz osoan zehar, eta horrek aurrean jende askok etxean geratzeko erabaki zuen, ziurrenik.

Hala ere, 1.503 dortsal saldu zituzten —675 mendi martxarako, 265 mendi lasterketarako, eta 563 familien probarako—, eta kirol kaiko arkupeetan prestaturiko paellarekin eta abarrekin, diru bilketa polita egin zuten Pausokaren alde. Datozen egunotan emango dute antolatzaileek lortutako etekinaren berri. Aurretik, Klink Elkartean bazkari solidarioa egingo dute hilaren 17an, helburu berberarekin.

Irakurri: Iker Oliveri eta Nerea Amilibia irabazle

100 argazkiko galeria

Beñat Elzo solidarioko bosgarren ekitaldiko mendi martxako, lasterketako eta familien probako 100 argazkiko galeria osatu du Hondarribiko HITZAk. Argazki batzuen kalitatea (batez ere familien probako azken zatiak) ez da beharko lukeena, baina ez zen egun erraza izan lanerako; gure kamera ere dezente busti zen atzoko jardunaldian, eta azken orduan huts egiten hasi zen. Hala ere, nahiago izan dugu argazki horiek sartu, arrazoia ulertuko duzuelakoan.

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend