V. Beñat Elzo Mendi Lasterketa, Pausokaren alde

V. Beñat Elzo Mendi Lasterketa

Gaur aurkeztu dute V. Beñat Elzo Mendi Lasterketa

Gaur aurkeztu dute V. Beñat Elzo Mendi Lasterketa. Aurreko urteetan bezala, Euskadiko Kirol Portuak (EKP) da babesle nagusietako bat, eta kirol kaiko kapitaintzan egin da aurkezpena. Bertan izan dira, Kalixa Silanes Hondarribiko Udaleko Kirol zinegotzia, antolatzaileen ordezkaritza bat, eta Pausoka elkarteko kide batzuk.

Izan ere, Pausoka elkartearentzat izango da aurten azaroaren 1eko kirol eta elkartasun jardunaldian bilduko duten dirua. Amaia Irazustak azaldu duenez, behar bereziak dituzten haurrak izango dira ekarpenen onuradunak: “Behar bereziak dituzten haurren errehabilitazio zentroak kudeatzen ditugu, erakunde publikoengandik jasotzen ez dugun arreta osatzen dugu”. Hernaniko eta Urnietan ditu egoitzak Pausokak, eta bertan zerbitzu integrala eskaintzen dutela nabarmendu du Irazustak: “Hamabi terapeuta ditugu, eta ekarpen ekonomiko guztiak nahitaezkoak ditugu zerbitzu horiek eskaintzeko, eskaintzen ditugun terapiak bizitza osorako terapiak direlako”.

Pausokako kideak eskerrak eman dizkie antolatzaileei, elkartearentzako aukera handia izango delako: “Inklusioaren aldekoak gara, elkartea gizarteratzea oso garrantzitsua dela uste dugu, eta horretarako ikusi egin behar da. Eta Beñat Elzo Mendi Lasterketa oso egokia da horretarako, baita parte hartzeko ere, familien lasterketari esker”.

Hiruko formatua
Mendi martxa, mendi lasterketa, eta familien proba. Hiruko formatua izango du aurten ere azaroaren 1ekoak. Dortsalak ondo saltzen ari direla esan dute antolatzaileek. 600 bat dagoeneko saldu dira, hori, aurkezpena egin aurretik.

Mendi martxan eta familien lasterketan izena eman nahi dutenek Hondarribiko Kofradiaren dendan (Bernat Etxepare, 6), Irungo Leire Sporten (Mendibil merkatal gunea), Hernaniko Pausokaren egoitzan (Etxeberri kalea), edota Hendaiako Herriko Etxean (kirol arloan) egin dezakete. Dortsal solidarioaren prezioa 10 eurokoa da, haurrena 5 euro. Aldiz, mendi lasterketan parte hartu nahi dutenek, Kirolprobak plataforman egin behar dute.

Azaroaren 1ean, goizeko bederatzietan hasiko da 2018ko Beñat Elzo. Ordu horretan abiatuko mendi martxalariak. Proba nagusiari, hamar kilometro pasatxoko mendi lasterketari, 11:00etan emango diote hasiera. Eta familien proba, 12:30etik aurrera izango da.

Hori guztia gutxi balitz, iaz bezala paella jateko aukera izango da aurtengo probaren ondoren, eta patata tortilla lehiaketa antolatuko dute. Dozenaka boluntarioa ari dira hori guztia eta gehiago antolatzen hurrengo asteko ostegunerako, azaroaren lehenerako. Dena Beñat Elzo zenaren omenez, eta aurten, Pausokaren alde.

Iazko argazkiak

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend