Hilaren 8an Kale Nagusian bizitutako sentipenengatik Biktoriano Etxabek trasladoa eskatu dio Jose Ignacio Munilla gotzainari.
Etxabe, ezkerrean, Jaizkibel konpainiaren goizeko desfilea jarraitzen
Biktoriano Etxabe Hondarribiko Jasokunde eta Sagarrondoko Andra Mariren Eliz Parrokiko apaizak trasladoa eskatu dio Jose Ignacio Munilla Donostiako Elizbarrutiko gotzainari. Hilaren 8an gertatutakoa dago erabakiaren atzean, gaur goizean Etxabek berak Euskadi Irratiari azaldu dionez.
Hilaren 10eko 1638ko setioan hildakoak gogoratzeko mezan salatu zituen Alarde Eguneko gertakariak, homilia probestuz. Gertatutakoa “tamalgarria” izan zela adierazi zuen, eta herriak ezin zuela horrela egon, beste 22 urtez ezingo zuela horrela jarraitu. “Beste belaunaldi bat horrela?”, galdetu zien tenplura hurbildu zirenei, horien artean Alardeko buruzagiak eta Udalbatzako kideak zeudelarik.
Hitzok esaten ari zela, emakume bat igo zen aldarera eta mikrofonoa kendu zion apaizari, eta bere kontra mintzatu zen. Etxabe kexu da emakume horrek bezala, beste batzuek ere ez dituztelako bere hitzak ulertu. Nolanahi ere, irratian esandakoaren arabera, trasladoa ez du emakume horrek egin zuenagatik eskatu, baizik eta Kale Nagusian bizitutako “begiradek, sentipenek…” eragin diotenagatik. Tenpluko ataritik jarraitu zuen Etxabek Jaizkibelen goizeko desfilea, autoritateek Alardeari harrera egiten dioten lekutik —Jaizkibeli udaletxeko arkupeetan ere egiten zaio harrera—.
Nonbait, Munillak onartu egin du Etxaberen eskaera, eta nora eta noiz joango den jakiteko zain dago azken urteotan Hondarribiko parroko izandakoa.