Zenbait kazetarik erasoak jasan zituzten larunbatean

Larunbatean Jaizkibel konpainia parekidearen desfilearen berri ematen ari ziren zenbait kazetarik jasandako erasoak gaitzetsi ditu Oarso Bidasoko Hitza partaide den Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak, eta elkartasuna eta babesa adierazi die komunikabideetako langileei. Hekimenentzat, «onartezinak dira hainbat hedabidetako langileek pairatu behar izan zituzten oztopo eta erasoak (bultzadak, irainak, lanerako tresnak kentzeko saiakerak…), eraso horiekin, kazetari horiei ez ezik, herritar orok informaziorako eta adierazpen askatasunerako dituen eskubideei ere eraso egin zaielako».

Erasotutako batzuk euskal hedabideetako kideak direla eta, «informazioa euskaraz jasotzeko eskubidearen aukako erasoa ere gertatu zen larunbatean». Halaber, erasoak ertzainen aurrean gertatu ziren, eta «kazetariak babesteko edota erasotzaileak geldiarazteko neurririk hartu ez izana» kritikatu du Hekimenek (irakurri behean oharra osorik).

Beste elkarteen babesa
Kazetarien Euskal Elkargoak eta Kazetarien Elkarteak «babes osoa» adierazi diote «Alarde baztertzailearen jarraitzaile fanatiko baten erasoa» jasan zuen Pepe Aizpuru Antxeta Irratiko kideari. Kazetaria Jaizkibel konpainiaren desfilearen berri ematen ari zela, erasotzaileak telefonoa eskuetatik kendu eta lurraren kontra puskatu zion. Beste hedabide batzuetako zenbait lankidek ere jasan izan zituzten erasoak: kamarak estali, bultzatu, iraindu, lanerako materiala kentzen saiatu edota lana ongi egitea ekidin. «Komunikazio arloko lanetan ari diren kazetariak babesteko eta defendatzeko konpromisoa» eskatu diote bi erakundeek Segurtasun Sailari.

El Diario Vasco egunkarirako lan egiten duen Fernando de la Hera argazkilaria ere eraso zuten larunbatean; kamera kentzen saiatu ziren. Euskal Herriko Informatzaile Grafikoen Elkarteak (EIGE), De la Herak jasandako erasoa gaitzetsi egin du, eta «lanean ari ziren beste informatzaile guztiek jasandako eraso bortitz eta ulertezin hauek irmoki salatu». Publikoki kazetarientzako «erabateko errespetua» eskatu du EIGEk, eta udalari eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari exijitu die «horrelakorik gerta ez dadin neurri zorrotzak har ditzatela».

Iritzia

Hekimen Euskal Hedabideen Elkarteak larunbatean Hondarribiko Alardearen berri ematen ari zirela hainbat kazetarik jasandako erasoak salatu nahi ditu eta, bide batez, elkartasun eta babes osoa adierazi nahi die beraien lana egiten ari zirela erasotuak izan ziren kazetari horiei denei.

Hekimenentzat onartezinak dira hainbat hedabidetako langileek pairatu behar izan zituzten oztopo eta erasoak (bultzadak, irainak, lanerako tresnak kentzeko saiakerak…), eraso horiekin kazetari horiei ez ezik, herritar orok informaziorako eta adierazpen askatasunerako dituen eskubideei ere eraso egiten zaielako.

Erasotutako hainbat euskarazko hedabideetan diharduten kazetariak izaki (Antxeta Irratia, Berria…), informazioa euskaraz jasotzeko eskubidea bera ere erasotua gertatu zen larunbatean eta hori ere salatu nahi du Hekimenek, euskaraz diharduten hedabideen elkartea den aldetik.

Era berean, Hekimeni oso larria iruditzen zaio aipatutako erasoak une horretan ordena publikoaren ardura bere gain zuten ertzainen aurrean gertatu arren, hauek kazetariak babesteko edota erasotzaileak geldiarazteko inolako neurririk hartu ez izana.

Berriro ere honelakorik gerta ez dadin eta kazetariek beren lana berme guztiekin egiteko aukera izan dezaten hartu beharreko neurriak hartzeko eskatzen die Hekimenek dagokien erakunde publikoei.

Hekimen, Euskal Hedabideen Elkartea

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend