Gidoia bete dute

San Juango emakumeek erraz, oso erraz irabazi dute gaur Txingudiko badian.

San Juango emakumeek erraz, oso erraz irabazi dute gaur Txingudiko badian.

Hondarribiko XVIII. Traineru Jaitsiera egin dute gaur, eguraldi eskasagatik Txingudiko badiaren barruan: gaurkoa ez zen arraun egiteko egunik onena, baina tira, lehian izan diren 22 traineruek onena eman dute. Eta onena eman dutenen artean, onenak, gizonetan Hondarribia eta emakumeetan San Juan izan dira. Gidoia bete dute, ondo.

Gizonetan, aktore nagusia espero zen bezala Hondarribiko A ontzia izan den arren, bigarren mailako aktorea, sekundarioa, protagonismo eske aritu da. Donostiarraren ontzia izan da bigarren bukaeran (Hondarribitik bost segundora), baina ziabogan, lehenak ziren hiriburukoak berdeetatik hiru segundo aurretik. Erne Donostiarrarekin 2018ko sasoian. Eusko Label Ligan lehen txandako itxura du.

San Pedro A laugarren izan da, hirugarren gelditu den Ondarroaren atzetik, Hondarribia irabazletik 34 segundora. Ondo moreak. San Juanek zalantzak utzi ditu airean, A ontzia zazpigarren izan delako, adibidez, Isuntzaren eta Getariaren atzetik.

Emakumeetan, arrosen paseoa
Gizonetan lehen bien arteko aldea murritza izan da. Emakumeetan ez. San Juanek paseoa egin du Txingudiko badiatik, bigarren izan den Oriori 30 segundo atera dizkio, gainera, lasai-lasai, ondo etzanaz arraun egiten. Otsaila da, baina sanjuandarrak prest egon, udan bandera asko ospatzeko aldartea beharko duzuelako.

Eta emakumeekin jarraituz, Hondarribia ondo. Oso ondo. Serio ari dira sasoia planifikatzen, ia-ia hutsetik, etxeko arraunlariekin, eta ilusio handiarekin. Gaur hirugarren izan dira Oriotik 15 segundora bakarrik, eta Kontxan egon zen Donostiarra (gonbidapenarekin) 9 segundo atzean utzi dute.

Gaurkoa otsaileko testa izan da. Traineruen sasoia hasteko, ligak hasteko, 4 hilabete pasatxo falta dira. Baina Hondarribia Arraun Elkarteak gaur antolatu duen estropadatik hainbat ondorio atera daitezke, bakoitzak bereak. Hau da, neguko traineru estropadek ezertarako balio ez dutela esaten dutenak, ikus ditzatela, adibidez, iazko estropada honen emaitzak eta zer gertatu zen sasoian.

Emakumeen sailkapena

  1. San Juan 17:11
  2. Orio 17:42
  3. Hondarribia 17:56
  4. Donostiarra 18:05
  5. Lea Artibai 19:25

Gizonen sailkapena

  1. Hondarribia A 19:42
  2. Donostiarra A 19:47
  3. Ondarroa 20:05
  4. San Pedro 20:17
  5. Getaria 20:21
  6. Isuntza A 20:22
  7. San Juan A 20:31
  8. Zarautz 20:54
  9. Hondarribia B 21:02
  10. San Juan B 21:08
  11. Portugalete 21:22
  12. Donostiarra B 21:23
  13. San Pedro B 22:07
  14. Isuntza B 22:51

Gizon beteranoen sailkapena

  1. Zumaia 17:52
  2. Fortuna 18:06
  3. Zarautz 18:08

 

 

 

Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

 

Send this to friend