Tomas Elgorriagari elkarrizketa egin diogu Hendaian. 18 urte eta gero itzuli da Euskal Herrira, baina baldintzapean dago aske, eta ezin du jaioterrira pasa.
Tomas Elgorriaga, Hendaiako Eva Forest ontziralekuan
1999an egin zuen ihes Tomas Elgorriaga Kunze hondarribiarrak. Paper faltsuak lortu eta Friburgon (Alemania) ezarri zen, familiarekin, lagunekin, Euskal Herriarekin harreman guztiak moztuta. Ama alemaniarra du, eta hizkuntza ezagutzen zuen, horregatik ondo moldatu zela esan digu. Hamabost urtez bizi izan zen horrela, 2014ko urriaren 31n atxilotu zuten arte.
Espainiaratuko zutela uste zuen, ez baitzekien Frantzian auzi-ihesean epaitua eta zigortua zegoela, “nola jakingo dut? Alemanian bizi nintzen, beste izen batekin”. Urtebete eman zuen Alemanian preso Frantziara kanporatu aurretik. Berriro epaitu zuten, eta Fleury-Merogis espetxean egon da bitartean. Ekainaren 26an atera zen baldintzapean, eta 18 urte eta gero Euskal Herrira itzuli da. Hendaian elkartu gara berarekin, ezin baita bere jaioterrira pasa. Bidasoaren beste aldetik, liluratuta begiratzen du Jaizkibel, “ez dut nire bizitza osoan hain ederra ikusi”, eta bere egoera aldatzearekin amesten du, mendira igo eta arroketan ibili ahal izateko.
Hemezortzi urte eta gero Euskal Herrira itzuli zara. Zer moduz?
Bueno, ez nator erabat libre, baizik eta pixka bat baldintzatuta, egoera berezian, momentuz ezin dut Hego Euskal Herrira pasa. Baina aske gelditu eta gero kotxez Baionara iristen ari ginela, autopistatik ez da gauza gehiegirik ikusten baina, betetasun sentsazio bat izan nuen, toki guztietan belarra sortzen da Euskal Herrian sartu bezain pronto, horrek zirrara sorrarazi zidan.
1999 urtean alde egin zenuen Hondarribitik. Atxilotu zintuzten arte hamalau urte ihesean. Denbora asko da hori!
Bai, ihesean, eta ihesean baino, erabat deslotuta. Nire erabakia izan zen hasieratik lotura guztiak moztea, segurtasun aldetik. Orduan ez ditut Euskal Herriko albisteak irakurri edo jarraitu ere egin. Ez naiz Interneten ere sartu, Berria edo Gara irakurtzeko. Horrek abantaila bat izan du, nahiko lasai ibili izan naizela goian [Alemanian], eta nahiko bizitza integratua egiten nuela. Eta ondorio txarra hori da, ez dudala jarraitu Euskal Herrian gertatu dena. Orain hasi naiz, espetxean hasi nintzen. Gauza asko errekuperatzeko irrikaz nago.
Atxilotu zintuztenean jakin genuen Friburgon bizitza normala egiten zenuela, beste nortasun batekin, eta ez zinela ezkutuan bizi. Zer egiten zenuen han?
Ihes egin nuenean zorte pixka bat izan nuen. Kanpora joateko paper batzuk lortu nituen eta Friburgora iritsi nintzen. Egia esan, ez nuen inor ere ezagutzen han, eta inork ez zekien nor nintzen. Ama alemaniarra dut, alemanez banekien etxean ikasi genuelako eta lehendik Alemanian ikasi izan dudalako. Eta Alemania ere ezagutzen nuen pixka bat. Ez zen guztiz herrialde berria, baina tokia bai, eta hasi nintzen etxebizitza bilatzen, lana bilatzen Aldi Baterako Laneko Enpresa batean… Pixkanaka sartzen joan nintzen, hasieran beldurrarekin ea zer gertatuko zen, paperak kontrolatuko ote zituzten…
Gero ikasteko aukera ikusi nuen. Ez nuen aldez aurretik ikasteko asmorik, baina ikusi nuen unibertsitatea bazela, eta gauza interesgarriak ikasteko aukera zegoela, eta hala apuntatu nintzen.
Ingurukoek ez zekiten euskal herritarra zinenik.
Ez, espainiarra nintzela uste zuten. Haientzat espainiarra nintzen, baina alemaniarrez banekien eta horrek dena erraztu zidan. Ondo moldatu nintzen, egia esan.
Hamabost urte eman zenituen horrela, 1999tik 2014ko urriaren 31n atxilotu zintuzten arte.
Iheslari gisa, beti neukan buruan horrelako zerbait gerta zitekeela. Friburgon bertan nintzenean oso lasai bizi nintzen, baina herritik kanpora ateratzen nintzen bakoitzean, buelta bat ematera edo zerbait ikustera, oso urduri jartzen nintzen, arrisku batzuk ikusten nituelako.
Ez nuen inolako harremanik ez familiarekin, ezta lagunekin ere. Baina atxilotu nindutenean buelta eman zuen guztiak. Alde batetik, askatasuna galdu nuen, eta arrisku handia sentitzen nuen, ez bainekien zer gertatuko zen. Baina, beste aldetik, familia ikusteko aukera, lagunak ikusteko aukera izango nuen, hamabost urteren ondoren. Eta horrek asko lagundu zidan hasierako hilabeteetan, Alemaniako espetxeko uneetan. ‘Gertatu zitekeena gertatu da, atxilotu naute’, pentsatu nuen, baina beste aldetik pozik nengoen senide eta lagunak ikusiko nituelako berriz.
Lehen bisita zeinena izan zen gogoan duzu?
Gurasoak etorri ziren, eta anaiak.
Nolako momentua izan zen, nola gogoratzen duzu?
[Kostata erantzun du] Oso fuertea. Ama ez nuen ongi ikusi, urteen zama gainean. Oso gaizki pasa ditu urte hauek. Kristal atzetik ikusi nituen, gainera, eta bi polizi genituen bi aldeetan. Ez ginen ondo. Amarentzat uste dut ona izan zela, baina gogorra.
Ia hiru urte egin dituzu espetxean, lehendabiziko hilabeteak Alemanian. Euskal preso bat Alemanian, beraientzat ere ez da ohikoa, zaindarientzat. Ez da egongo halako protokolorik, ezagutzarik… Nolako espetxealdia izan zen hangoa?
Ez daude ohituta. Atxilotu ninduten unea bera pelikula bat izan zen, polizia guztiak nire gainera erori ziren, dena kendu zidaten eta oihu egin zidaten ‘ba al duzu armarik edo lehergailurik motxilan?’. Eta nik erantzun nien, ‘duela hamabost urte nago hemen’. Espetxean terrorista bezala sartu nintzen, eta jada islamismoaren kontua bazegoenez, espetxe barruan, edozein tokira mugitzeko, bi zaindarirekin mugitu behar nuen. Noski, han ere ez daukate hainbeste pertsonalik espetxeetan horrela ibiltzeko; horregatik, egun batean horrela egin zuten, baina gero utzi zuten. Hasieran, tentsioa nabaritzen nuen. Gero, zaindariekin hizketan, lasaitu ziren. Jende nahiko heldua zen, ez zuten lana hain serio hartzen, alde horretatik nahiko lasai. Ez nuen inolako jazarpenik jasan, espetxean bertan ez nuen presio handirik eduki.
Frantzian auzi-ihesean epaitu zintuzten, eta atxilotu eta gutxira zure estradizioa eskatu zuen Frantziak. Horren beldur al zinen?
Nire hasierako beldurra zen Espainiako Estatura eramango nindutela, ez nekien ezer Frantziakoaz. Gero, abokatuak esan zidan lau euro-agindu zeudela nire kontra, baina Frantziakoak. Gero, Frantziako epaileak esan zidan, ‘zuk bazenekien Frantziako justizia zure atzetik zegoela, zergatik ez zinen epaiketetara agertu?’. Baina, nola jakingo nuen? Ni Alemanian bizi nintzen, beste izen batekin, eta ez nekien ezer. Eta esaten zidaten ‘badakigu euskaldunak oso saretuta zaudetela’, eta nik erantzun, ‘ba sentitzen dut, baina ni ez nago saretuta, ez neukan inolako kontakturik Euskal Herriarekin’. Benetan uste nuen Espainiak eskatuko zuela nire kanporatzea, ez nuen imajinatzen Frantziak egingo zuenik.
Estradizio bera onartzeko Alemaniak urtebete behar izan zuen, eta normalean oso denbora gutxian onartzen dira. Euro-aginduetan argi eta garbi azaldu behar da leporatzen den ekintzaren toki zehatza, egun zehatza, ordu zehatza, eta deskribapen zehatza, eta lau aginduetako bakarrean ere ez zen horrelakorik ageri. Gauza orokorrak azaltzen ziren, denbora tarteak, 2000 urtean laguntza ematea, paper faltsuak erabiltzea… Onartzeko arazo handiak izan zituzten, eta azkenean presio politikoak izan dira Paris aldetik; Alemaniako fiskaltzak berak onartu zuen diplomazia kontuengatik komeni zela estradizioa onartzea.
Elgorriagaren askatasunaren aldeko pankarta, alemanez, San Pedro kalean
Alemaniako epaileak estradizioa onartu zuenean, hiru egunez desagertuta izan zinen. Inork ez zekien ezer zutaz, ez familiak, ezta abokatuek ere. Nola gogoratzen dituzu egun horiek?
Goizeko zortziak ziren, sirenak entzun nituen, eta pasilloak hustu zituzten. Hiru polizia sartu ziren nire ziegan, ninja-dortoka bezala jantzita. Lurrera bota ninduten, esposatu, eta polizia kotxean sartu. Ez zidaten paper bat bera ere erakutsi, epailearen agindurik ez nuen ikusi, pentsa, ez zidaten utzi betaurrekoak hartzen ere. Estrasburgora eraman ninduten, bi egun pasatu nituen han eta ez zidaten abokatuei deitzen ere utzi. Hirugarren egunean Parisa, epailearen aurrera, eta hortik Fleuryra.
Frantziarrek auzi-ihesean epaitu ninduten ni, Alemanian bizi nintzenean. Alemaniako espetxean jakin nuen hori. Frantziara iritsi bezain pronto, noski, nik berriro epaitzea eskatu nuen. Epaitu ninduten eta fiskalak helegitea jarri zuen. Lehen epaiketan kondena bost urtekoa izan zen, horietatik hiru baldintzapean. Hurrengo epaiketan fiskalak eskatu zuen baldintzapeko bi urte, hiruren ordez; beraz, bat gehiago pasatzea espetxean. Abokatuek ez zuten ulertzen fiskalak zergatik errekurritzen zuen, zigorraren baldintzapeko urtebeteko aldeagatik. Gauza horiek neke handia sortarazi didate. Beti luzatzen joan da, eta galdera hori egiten dugu, zergatik ote joko hori? Zeren, bitartean, gurasoena eta hiru anaienaz gain, ez baitidate beste bisitarik onartu.
Konta egiguzu nolakoa izan den Fleuryn zure egunerokoa?
Estrasburgoko lehen egunak salbu, Fleuryn egon naiz, bai. Printzipioz, epaitu gabeko presoentzako espetxea da, baina errealitatea da denak nahastuta daudela, zigortuak eta prebentiboak. Europako espetxe handiena da, 4.800 preso inguru ditu, bost modulutan banatuta. Segurtasun handiko espetxe gisa saltzen dute, baina gero ikusten duzu txokolate kantitate txikiak trafikatzeagatik jendea lau hilabetez egon daitekeela hor. Ez luke segurtasun handiko espetxea izan beharko, dena nahasita dago, nahaste-borraste izugarria da, zentro handiegia da, ez dago hori kontrolatzerik, eta administrazioari dagokionez, ez du funtzionatzen.
Lehen euskaldunak orain 20 urte baino gehiago hasi ziren iristen Fleuryra. Badakite euskal preso politikoak nolakoak garen, ez dugula arazorik sortzen, eta halere, Fleuryn ez dute presoen arteko bereizketarik egiten, sozialak, politikoak, euskaldunak bereziki… Zama handia eramaten da espetxean, Fleuryn bereziki.
Zenbat euskal preso zineten han?
Hasieratik 3. moduluan sartu ninduten, beste bi euskal presorekin. 2016 bukaeran borrokaldi bat egin genuen, eta sekulako erantzuna jaso genuen Euskal Herritik. Herrietatik eskutitz pila bidali zizkioten kartzelako zuzendariari, eta horren ondorioz sei euskal preso politikoak modulu bakarrean elkartu gintuzten, 2016ko irailean. Moduluko zuzendariak esan zigun nazkatuta zegoela hainbeste eskutitz jasotzeaz, eta nahiko lan bazuela beste gauzekin. Eta gelditzeko eskatu zigun. Eta egun batetik bestera denak elkartu gintuzten.
Zuk zer egin duzu espetxealdian? Oker ez bagaude, irakurri, behintzat, asko irakurri duzu…
[Ezetz esaten du buruarekin] Hasieran irakurtzen nuen, gero ez. Fleuryn bizi izan dudana izan da etenik gabeko tentsio hori. Zer zetorren ez jakiteak ia erabateko paralisia eragin zidan, bai buru mailan eta baita, nire kasuan behintzat, gorputzaren mailan ere. Beste euskal presoek kirol asko egiten zuten, nik ez. Saiatzen nintzen gauzak irakurtzen, baina egia esan, azkenean, ez nintzen gai testu luzeak irakurtzeko.
Ez zen nire kezka pertsonala, kartzelako egoerak blokeatzen ninduen. Ikusten nituen euskal preso epaitu gabeak, lau urte zeramatenak horrelako erregimenean, eta horrek lotura guztiak hausten dizkizu, dena bertan behera geratzen zaizu. Oso egoera arraroa zen, gogoa banuen irakurtzeko, politikan sakontzeko, nire Alemaniako nagusiak ikerketa proiektuko txosten batzuk bidali zizkidan, eta ez dut %10 ere irakurri, erabat blokeatuta nintzen.
Presoen Kolektiboaren barruan eztabaida egon da azken urteetan. Zuek aukerarik izan al zenuten eztabaidan parte hartzeko?
Bai, kezka handia dago espetxean, eta eztabaidatu genuen zerbait. Gertatzen dena da, kalean bezala, giroa nahasita dagoela, eta ez Euskal Herrikoa bakarrik, Europakoa ere halaxe dago. Inork ez dakienez oso argi nondik nora goazen, kezka hori islatzen da espetxean, eta artikulatzeko bide gutxi daude. Ez dugu bide egokia aurkitzen ditugun kezkak bideratzeko. Inork ez daki non gauden eta nora goazen, aukera desberdinak ote dauden. Zerbaiten falta sumatzen dut. Orain konturatzen naiz kanpoan ere kezka berdinak daudela, eta barruan mugatuta gaudenez, nolabaiteko zehaztugabetasuna dago. Eztabaidak denbora gehiago behar du, eta informazioa falta da. Kaleko informazioa badago, baina zehatza, gutxi. Niri pena ematen zidan, oinarria falta zen eztabaida sendo bat aurrera eramateko, ondorioak ateratzeko.
Kaletik espetxera informazioa baino gehiago iristen da, bada elkartasun sare bat presoekiko. Ekainaren 25ean espetxetik atera zinenean soinean Mirentxin gidarien elastikoa zenuen. Eta, gaur ere, elastiko horrekin agertu zara elkarrizketara. Barruan sentitzen al da elkartasun hori?
Argi eta garbi esan behar dut, ez bagenu izango biziki kaleko elkartasuna, presook ez genukeen urte erdi ere aguantatuko. Euskal preso politikoak bizi gara herriaren parte garelako, eta kezka politiko bat dagoelako, eta presoenganako hurbiltasun oso handia eta elkartasuna dagoelako. Egunero sumatzen dugu hori, egunero jasotzen ditugu eskutitzak, baita egunkarien bitartez ere. Bisitak oso garrantzitsuak dira, sekulako indarra ematen digute. Ikusten duzu, bisita egunean preso guztiak zintzo-zintzo apaintzen gara. Horrek ematen digu indarra, ikusteak edozein egoera egonda herrian jendea gurekin dagoela.
Ekainaren 25ean zen zure espetxealdiaren amaiera, igandez. Senideak eta lagunak bezperatik joan ziren ustez larunbatean aterako zinela, zuk ere uste hori zenuen, baina azken unean astelehen arte atzeratu zuten. Zer sentitu zenuen une horretan?
Goizeko zazpietan zaindaria esnatzera etorri zen egunero bezala, eta ni prest nengoen ateratzeko, eta esan nion ‘badakizu gaur ateratzen naizela, ez?’, eta berak ‘ez, niri ez didate ezer esan’, eta begiratzeko esan nion. Ordu erdira itzuli zen, ordenagailuan begiratu zuela eta ezetz, 26an aterako nintzela, ez 24an. Paperak eskuetan nituen, 25an ateratzen nintzela baina jaia zenez 24an libre geratuko nintzela, hori nuen paperetan. Arduradunari deitu eta etorri zen, eta ikertzen hasi zen. Bi aste lehenago jaso nuen papera esanez 24an aterako nintzela, ekainaren 7an sinatuta. Baina norbaitek kalkulua egin omen zuen berriro —Alemaniako espetxealdiaren konputua— , eta nahastu egin zirela, eta egun bat geroago atera behar nintzela esan zidan. Abokatuei deitu nien, horrela zela ikusi zuten, eta esan nien horrela utziko genuela, ez ginela hasiko ezer mugitzen.
Eta, zer pasatu zitzaizun burutik?
Gerora ez zen kezkatzeko ezer izan, baina momentuan bai, nola bururatzen zaio funtzionario bati, astebete lehenago Alemaniako espetxealdiko konputua berriro kalkulatzen hastea? Zergatik? Norbaitek esan dio egiteko? Hasten zara pelikulak egiten, Espainiako euro-agindua bidean izango ote da, eta beldurra sartu zitzaidan. Ostiralean oheratu nintzenean oso lasai nengoen. Igandean aldiz, beldurtuta, ez nekielako zer ote zegoen atzean.
Kezka handiena Madrilera bidaltzea zen. Gertatu izan da aske utzi baina aske ez geratzea. Zenbait preso Fleuryn bertan hamar egunez izan dituzte askatu eta gero, kartzelan. Beste euskal preso batzuk askatu bai, baina kanporatze zentroetara eraman izan dituzte, eta hor aste pare bat eduki dituzte bidaia prestatzeko denbora izan dezaten… Denetarik gertatu da, eta ez genekien egoera zein zen, ez genekien zer egingo zuten nirekin.
Tomas Elgorriaga, Manu anaiarekin, espetxetik atera berria
Eta astelehenean, atea ireki zenean, eta libre geratu zinela ikustean…
Lehenbizi modulutik atera nintzen, eraikin zentralera, halako kotxe batean eraman ninduten. Hor paperak egin eta zentraletik beste leku batera. Eta leku guztietan jendarmeen kotxeak ikusten nituen, eta horietako bat argiekin, eta bi pertsona barruan. Nire ondoan geratu zen, eta pentsatu nuen, ‘hemen sartuko naute, eta auskalo nora’. Halako batean garajeko atea ireki zen, eta ni hor, eta kotxe barrukoek esan zidaten ‘allez, allez!’ (mugi, mugi!), eta nik ‘mais allez ou?’ (baina nora?), eta beraiek ‘allez, vous etes libre’ (segi, aske zara), eta kanpora joateko esan zidaten. Bost metro egin eta hortxe zeuden anaiak eta lagunak nire zain, flipatuta denak.
Familia eta Euskal Herriko lagunak pozik. Eta Alemaniakoak ere halaxe egongo dira, baina urruti. Izan al duzu hangoekin hitz egiteko aukerarik?
Alemaniatik urruti nago bai. Batez ere besoetakoa dut han, jaio berritik ezagutzen dudana eta oso harreman estua dudana berarekin, astero idazten nion. Irten nintzenean kanpoan zegoen, eta joan den astean deitu nion. Sekulako poza hartu dute lagunek ere, alde guztietatik ari zaizkit berriak iristen, eta galdetzen didate ea noiz joango naizen hara, parranda bat egitera, ospatzeko.
Zu orain kalean zaude, baina zigorraren bi urte falta zaizkizu betetzeko, baldintzapean aske zaude. Nola mugatzen du horrek zure bizitza?
Bost urteko zigorra jaso nuen, bi urtez baldintzapean aske, baina Frantziako legediaren arabera, baldintzapeko askatasuna bost urtekoa da, ateratzen den egunetik kontatzen hasita. Gero, euskal preso guztiak sartzen gaituzte terrorismoaren kontrako Fijait fitxategian, eta horrek esan nahi du Frantziak edozein momentutan jakin behar duela non bizi garen eta nora mugitzen garen; Frantziako Estatuan biziz gero, kanpora joateko hamabost egun lehenago abisatu behar dugu, eta kanpoan bizi bagara, Frantziara joan nahi badugu, bi aste lehenago idatzi behar diegu, jakinarazteko.
Bestela, Frantziako Estaturako ez duzu debekurik, bertan bizi zaitezke.
Frantziarako ez dut debekurik. Alemaniarako mehatxua bai, hango sumarioa ez dutelako oraindik itxi. Mehatxua egin zidaten, handik botako nindutela… Esan zidaten sumarioa itxiko zutela, baina trabak ari dira jartzen, ez dakit, ez dakigu zerbait presionatzen ari diren… agian Espainiatik ez didate agindurik bidaliko baina erabili ditzakete alemanak nire kontra egiteko? Ez dakigu. Espainiako Estatuan momentuz ez dut ezer, eta Frantziako Estatuan, ez daukat inolako debekurik, baldintzapean libre nago.
Baina erabateko lasaitasunik ez, ezta?
Ez. Sei hilabete edo itxoin beharko dugu gutxienez, zerbait aterako den ala ez ikusteko. Euskal Herriko borrokan murgilduta ibili den jende guztiak arazo bera du, ez dugu inoiz lasai bizitzeko aukerarik izango. Edozein egunetan ireki dezakete, berriz ere, gure kontrako edozein sumario, edo berri bat sortu. Zalantza horrekin bizi behar dugu beti.
Espetxetik irten berritan Antxeta Irratian entzun zintugun esanez ‘hau ez da bukaera, borrokak jarraitzen du’.
[Harridura aurpegia jarri du, ez zekien bere hitzak irratian jarri zituztenik, baina erantzun du] Bi aldetatik ez da bukatu. Batetik, maila pertsonalean, ez dakigu bihar zer gertatuko den. Eta, noski, Euskal Herri mailan, gauza handirik ez da konpondu oraindik, dena da zalantza, dena dago irekita. Gelditzeko astirik ez, ezta gogorik ere.
Argi daukat nik oso denbora gutxi egin dudala kartzelan. Duela 20 urte zazpi hilabetez egon nintzen, eta orain bi urte eta zazpi hilabete; denbora gutxi egon ondoren atera naiz kalera. Mintzen nauena da ikustea beste kide guztiak, hor gelditzen direnak, zein sufrimendutan geratzen diren, ez presoak bakarrik, senideak batez ere. Euskal preso politiko askok hogeita hamar urte daramate barruan, eta oraindik ez dakigu noiz aterako diren batzuk.
1999an joan zinenean, pentsatzen zenuen 2017an egoera egungoa izan zitekeenik?
Joan nintzenean, bost urtera bueltatuko nintzela uste nuen, gehien jota hamar urtera. Eta ez ni bakarrik, baizik eta denok. Ziur nintzen horretaz. Inola ere ez nuen imajinatzen hainbeste denbora emango nuenik kanpoan, eta 18 urte eta gero horrela egongo ginenik.
Jaizkibelera igotzeko gogoz dagoela onartu du Tomas Elgorriagak
Une honetan herria parean duzu [elkarrizketa Hendaian egin genuen], Bidasoa ibaiaren beste aldean. Hain gertu eta hain urruti. Gogorik bai ibaiaren beste aldera pasatzeko?
[Arnasa bota du] Herrira joateko gogo handia, baina batez ere jendea ikusteko. Lagunak pixkanaka ari dira etortzen, ari naiz beraiekin hitzorduak finkatzen, talde txikitan… Horrek badu bere abantaila, herrira joango banintz jende guztia batera etorriko litzateke niregana. Horrela pixkanaka-pixkanaka etortzen da jendea, eta lasai hitz egiteko aukera dut.
Ba al da zerbait Hondarribira itzultzerakoan egin nahiko zenukeena? Txokoren batera joan…
[Beste aldera begira jarri da, eta irribarrea atera zaio] Jaizkibelera igo nahiko nuke, liluratuta gelditu naiz zein polita dagoen ikusita, nire bizitzan inoiz ez dut horrela ikusi, ederra dago, dena, farolaraino. Poza eman dit, garai batean pinuak zeuden, baina orain bertoko zuhaitzez betea dago, izugarri polita dago. Hortik, arroketatik ibiltzeko gogoa daukat, eta gero, nik uste euskal preso guztion ametsa dela mendi batean egon, lurrean etzanda, ardiak inguruan, eta gazta jaten. Hori nahiko nuke egin