Zaisa Txingudi Rugby Club elkarteak antolatuta, Hondarribia Beach Rugby 2017 txapelketa egingo dute larunbatean.
Atzo aurkeztu zuten larunbateko Hondarribia Beach Rugby 2017 txapelketa.
Uda giroa eta kirola. Hondartza eta errugbia. Zaisa Txingudi Rugby Club elkarteak antolatuta, Hondarribia Beach Rugby 2017 txapelketa egingo dute larunbatean. 10:00etan hasiko dira partidak, eta 18:00ak arte-edo iraungo dute norgehiagokek. Hondartzara egokitutako errugbi partidak izango dira.
Atzo aurkeztu zuten jarduera taldeko kide Iñigo Camarerok, Iñaki Alberdik eta Iñigo Aizpuruak. Esan zutenez, zortzi bat talde izango dira txapelketan, Euskal Herritik etorritakoak gehienak, eta horien artean Irungoak nagusi. Seniorrak eta beteranoak dira taldeak, emakumeenak, gizonenak eta mistoak.
Lehiaz gain, errugbi egokituko partidak izango dira (11:30ean), baita haurrentzako jarduerak ere. Behin partidak bukatuta, kirol kaian «hirugarren zati mamitsua» agindu dute.
Jaso duten laguntza eskertu dute Zaisa Txingudiko kideek. Hala, Hondarribiko Udalari, Izurde elkarteari, Amsteli, Judas Arrietari (kartela egin du) eta babesleei esker ona adierazi diete.