Bigarrenaren kontra jokatuko du Hondarribiko taldeak larunbatean. Burdinola Getxori irabaziz gero, igoera fasea etxean jokatzeko urratsa emango luke.
Aurreko asteburuan Gasteizen garaipen erraza lortu eta gero (33-52 irabazi zuten Electro Alavesa Marianistasen kontra), liga erdia jokoan izango du larunbat honetan Express Hondarribia Ikasbasket saskibaloi taldeak. Bigarrenaren kontra jokatuko du Hondartzan eta, irabaziz gero, liga erregularra bigarren bukatzeko urrats handia emango luke. Liga irabazten duena zuzenean igoko da Lehen Mailara eta bigarren postuak igoera fasea etxean jokatzeko aukera ematen du.
Burdinola Getxoren kontra jokatuko du bihar Ganix Mironen taldeak, etxean (19:30ean, Hondartza kiroldegian). Getxoztarrak bigarrenak dira, baina azken sei partidetan igotzeko aukera duten lau taldeen kontra jokatuko dute. Dudarik gabe, egutegi erosoa ez dute izango, baina azken hamar partidak irabazi dituzte eta, une honetan, forma onenean dagoen taldea da. Getxon Ikasbasketek 23 puntugatik irabazi zien, baina orduko Burdinolak eta oraingoak ez dute zer ikusirik.
Bigarren Mailari neurria hartu dio Hondarribia Ikasbasket saskibaloi taldeak
Ikasbasketi bost partida geratzen zaizkio liga bukatzeko eta aurkariei sei. Une honetan Campus Promete eta Burdinola Getxo 15 garaipenekin daude, Ikasbasket 14rekin, eta Navarro Villoslada eta San Ignacio 13rekin. Pritzipioz, horiek dira igo edo igoera fasea jokatuko duten bost taldeak. Paz de Ziganda, seigarrena, 11 garaipenekin dago eta ez dauka egutegi erraza.
Bostetik bost irabazi behar
Gauzak horrela, Hondarribiko taldeak partida guztiak —bost—irabazi beharko lituzte bigarren geratzeko, horien artean larunbat honetakoa Burdinolaren kontrakoa. Ikasbasketekin galduz gero, bigarren geratzeko, beste bostak irabazi beharko lituzkete getxoztarrek, eta horietako hiru Promete, Navarro Villoslada eta San Ignacioren kontra jokatu beharko dituzte. Oso zaila.
Campus Promete liderrak egutegi hobea du. Burdinolarekin galduta ere, gainontzeko lehietan faborito argia da, eta Lehen Mailara igotzeko aukera gehien dituen taldea dela esan daiteke. Nolanahi ere, errioxarrek huts egingo balute, Ikasbasketek aukera izango luke liga lehen postuan amaitu eta zuzenean igotzeko. Hori bai, esandakoa, lehenago geratzen zaizkion bost partidak irabazi behar dituzte Ganix Mironen neskek.