Gogoratzen nauzuenetan liburua aurkeztu du gaur TAS plataformak (Txingudi Anti Sexistak). Duela bi urte hasi ziren antolatzen Asun Casasola lehiaketa, eta bertara aurkeztutako 500 lanen artetik hamahiru aukeratuta osatu dute indarkeria matxistaren kontrako garrasia izan nahi duen liburua.
Gogoratzen nauzuenetan TAS-en liburu aurkezpenean hamarnaka lagun bildu dira.
Gogoratzen nauzuenetan liburua aurkeztu du gaur TAS plataformak (Txingudi Anti Sexistak). Duela bi urte hasi ziren antolatzen Asun Casasola lehiaketa, eta bertara aurkeztutako 500 lanen artetik hamahiru aukeratuta osatu dute indarkeria matxistaren kontrako garrasia izan nahi duen liburua. Txaneleta plazan dagoen Kusthal Diseinu Eskolan egin dute aurkezpena, eta 12:00ak baino lehenago beteta zegoen aretoa. Lehenengoen artean heldu da bertara Asun Casasola, Nagore Laffage zenaren ama, eta hunkituta jarriatu du ekitaldia. Liburuaren aurkezpena ipuin irakurketa musikatuarekin eta Casasolaren hitzekin jantzi dute, eta amaieran familia argazkia egin dute liburua posible egin dutenek eta gaurko aurkezpenera hurbildu direnek.
Egiteko bidea luzea bada ere, liburua orain arte egindako bidearen emaitza dela esan dute TAS-eko kideek. Orain dela bi urte otu zitzaiela ipuin lehiaketa antolatzea azaldu dute, “indarkeria matxistarik gabeko jendartea hitzez margotuko zuen ipuin lehiaketa. Eta noski, Asun Casasola izena jarri genion”. Nagore Laffage 2008ko uztailaren 7an hil zutela gogora ekarrita, ordutik, izugarria izan dela bere amak, Asun Casasolak, erakutsitako indarra eta kemena esan dute: “Asun omendu nahi izan dugu beraz, bere izena duen ipuin lehiaketarekin”.
Tragediatik urrun, erpin guztietatik begiratu izan nahi diote indarkeriari, “maskulinitate eredu ezberdinetaz, rol eta estereotipoen erreprodukzioan hezkuntzak duen garrantziaz, eta erligio katolikoaren indarraz mintzo da liburua”. Hausnarketarako eta eztabaidarako tartea eskaini nahi die orain esku artean dutenei.
Lehiaketan etena
2014aren azaroaren 25ean, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunean hasi zuten lehiaketaren lehen edizioa eta hurrengo urtearen martxoaren 8an, emakume langilearen egunean amaitu. Ehunka ipuinekin ospatu zuten martxoaren 8 hura. Bide bera egin zuten iaz, eta bi urtean 500dik gora lan bildu dituzte, ” 500 idazleen indarkeria matxistarik gabeko jendartea irudikatuz, eta horiei bizitza emateko asmoarekin jaio da orain liburu hau”. Hamahiru ipuinei, hainbat emakume ilustratzaileen irudiak gehitu dizkiete.
Bilgune Feminista zein TASeko hiru kideek gainera, iniziatiba propioa hartu eta borroka feministan jarraitzeko asmoz Parean elkartea sortu dutela jakinarazi dute gaurko aurkezpenean. Liburuaren edizioa beren ibilbidearen lehenengo urratsa dela esan dute, baina ez dela bidea hor amaitzen gaineratu dute: “Aurten ez dugu lehiaketarik egingo, baina indarkeria matxistaren kontrako borroka honetan mugarri izan nahi du liburu honek”.
Ipuin irakurketa egin dute ondoren. Miren Usabiagarena da liburuan bildutako ipuinetako bat,
Agian beharbada, eta berak irakurri du jendaurrean. Aurretik ordea, ipuina idatzi zuenean Nagore Laffage oso gogoan zeukala esan du eta baita Asun Casasola ama ere, eta beraiei eskaini die irakurketa, “beraiei eta bortzikeriaren aurka borrokatzen diren emakume guztiei”. Iñigo Legorburuk lehiaketara aurkeztu zuen
Heziketa hazi ipuinak ere izan du tartea.
Eskerrak eman dizkiete azkenik TASeko kideek lehiaketan parte hartu dutenei, “gure txikitasunean zuen 500 ipuinekin handi egin duzue indarkeria patriarkalaren aurkako iniziatiba hau”. Baita epaile lanetan aritu diren Rosa Arburua, Itziar Gomez, Erik Dueso, Mertxe Tranche, Javier Gil, Ainara Maia eta Alfonso Sastreri ere, ipuinak koloreztatu dituzten ilustratzaileei, maketatzaileei, zuzentzaileei… “laguntza eskatu orduko dena ematen diguzuenei”.
Asun Casasolak hartu du hitza amaitzeko, eta hunkituta, eskerrak eman dizkie TAS plataformako kideei egiten duten lanagatik, “izugarria da egiten ari diren guztia eta eskertzekoa benetan”.
Gaurko agerraldia lehenengoa izan da. Hurrengo larunbatean Zabaltza plazan izango dira iniziatiba artistikoa egiten, “emakumeen aurkako indarkeriari, artez erantzungo diogu”. Durangoko disko eta liburu azokan ere izango dira liburuarekin, eta abenduaren 17an Irungo liburutegian beste errezitaldia eskainiko dute. Horietaz aparte, hala eskatzen duten leku guztietara iniziatiba eta liburua eramateko prest azaldu dira.
Kunsthal zentroaren kanpoan bildu dira guztiak, familia argazkia egiteko eta txalo zaparradarekin amaitu da aurkezpena.