Hondarribiko produktuen astea abian da

Bertako produktuen astearen barruan ikasleek, nahiz nahi duten guztiek, era guztietako jarduerak dituzte aukeratzeko. Nekazaritza sektoreari eta bertako ekoizpena balioan jarri nahi dute.

azoka Damarri

Damarri plazako azoka bisitatuko dute ikasleek

Gaurtik (astelehena) hilaren 24ra (igandea) Hondarribiko produktuen astea egingo dute, nekazaritzaren sektoreari bultzada emateko eta bertako produktuei balioa emateko. Hondarribiko Udalak, Hondarribia Abian-en ekintza bezala aurkeztu du astea; enplegu eta garapen ekonomikorako plana da Abian. Hilaren 22an da Ama Lurraren Nazioarteko Eguna, eta hori baliatuz egiten ari dira jarduera egunotan. Aurtengo ekitaldian, aurreko urteetako jarduerak eta beste hainbat berri egongo dira. Hala, gaur, herriko hainbat ikastetxetako ikasleak Tren Berdean Agroaldera joan dira, eta Aldatsa elkarteko kideek bertan egiten duten lanaren berri eman diete. Honakoa da egitaraua. Hilak 19, asteartea
  • 18:00eta, udaletxeko areto nagusian, Txalupa egitasmoa aurkeztuko dute udalak eta Kunsthal eskolak.
Hilak 20, asteazkena
  • Hilaren 13an egin bezala, herriko hainbat ikastetxetako haurrak Damarri plazara hurbilduko dira bertako azoka ezagutzera. Tren Berdean joango dira ikastetxeetatik azokara. Han hainbat jarduera egingo dituzte.
Hilak 21, osteguna
  • 19:00etan, Itsas Etxean, sukaldaritza tailerra Gorka Cepeda Arroka Berriko sukaldariaren eskutik. 15 pertsonarentzako tailerra da, eta Cepedak aurrez azokan erositako produktuekin landuko du tailerra partaideekin, afari-merienda bat prestatzeraino.
Hilak 22, ostirala
  • 18:00etan, Kultur Etxeko areto nagusian, mahai-ingurua lehen sektoreko negozio aukeren ingurukoa. Hizlariak: Noemi Salazar, iaz Hondarribiko lehen sektorearen negozio aukera berriak aztertu zituen; Vanesa Barriuso, Urnietako Basitegi baserrian oiloak eta txerriak era ekologikoan hazten dituen baserritarra; Zaira del Rio, Laudioko (Araba) Olako hazitegiko arduraduna da; eta Hiritik At egitasmoko kide bat, 2015ean eta aurten Hondarribiko baserri eta lurren errolden proiektua garatu dute.
Hilak 23, larunbata
  • San Pedro kalean azoka egingo dute, eta bertan, sukaldarien show-a izango daMikel Muñoz Gran Soleko eta Iñaki Gezala Batzokiko sukaldariekin. Azokan erosiko dituzten osagaiekin pintxoak egingo dituzte, azokan erosten ari diren bezeroei emateko. Azoka 08:00etatik 13:00ra dago zabalik, eta sukaldariak 11:00ak aldera hasiko dira lanean.
Hilak 24, igandea
  • Mattenea baserrian, 15:30ean hasita, sukaldaritza tailer ekologikoa. Bertako Josune Zamorak bere baratze ekologikoa erakutsiko du lehenik, eta tailerrerako beharko diren barazkiak hartuko dituzte; ondoren, askaria produktu ekologikoein, eta otordu horren ondotik, El Curry Verde jatetxeko Xabi eta Enara afaria egiten hasiko dira partaideak, bi plater eta postrea egiteraino.
 
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.