Antonio Casado antsoaindarra eta Ana Casares eguestarra izan dira azkarrenak Donibane Lohizune eta Hondarribia art5eko bidea egiten
Faboritoen multzoa, Iñigo Tumas, Gonzalo Carrion eta Javier Urbano bertan direla besteak beste, lasterketaren lehen erdiko pasarte batean.
2.223 korrikalari iritsi ziren atzo helmugara Donibane Lohizune-Hondarribia 21,1 kilometroko lasterketan, Euskal Herriko maratoi erdia. Eta horietatik azkarrenak nafarrak izan ziren, gizonetan Antonio Casado antsoaindarra (Txingudi Korrika irabazi zuen ere), eta emakumeetan Ana Casares eguestarra.
Biek ala biek erraz irabazi zituzten euren lasterketak, bigarrenei bi minutu inguruko aldea ateraz, gizonetan Lionel Petriacq baionarrari, emakumeetan Claudia Behobide hondarribiarrari.
Sailkapen oso-osoa Kirolprobak atarian kontsulta daiteke.
Oarso Bidasoko korrikalariei dagokienez, oso aipatzekoa izan zen Jose Antonio Gomez de Arriba irundarraren laugarren postua gizonetan. Jon Rodriguez (Hondarribia, seigarren), Javier Urbano (Irun, zortzigarren), Gonzalo Carrion (Hondarribia, bederatzigarren), Iñigo Tumas (Hondarribia, 11.) eta Jose Mari Viniegra (Irun, 12.) aurre aurrean ibili ziren ere.
Emakumeetan, Claudia Behobide bigarrenaz gain, oso aipatzekoak Nerea Garmendia irundarraren hirugarren postua, eta Amagoia Mitxelena errenteriarraren laugarrena. Elixabet Zabaleta irundarra zortzigarren izan zen.
Behobia Donostiarako bi aste eskas falta direnean, proba interesgarria izan zen atzokoa. Nabarmentzekoa, bertan 505 emakume iritsi zirela helmugara, hau da, parte hartzaile guztien artetik %25, herri lasterketetan izaten den batez bestekoa nabarmen igoz.
Honakoak dira ohorezko postuak, gizon eta emakumeetan:
Gizonak
- Antonio Casado (Antsoain) 1:11:49
- Lionel Petriacq (Baiona) 1:13:41
- Hossain Kaanache (Orio) 1:14:55
- Jose Antonio Gomez de Arriba (Irun) 1:15:12
- David Palomo (Barañain) 1:15:52
Emakumeak
- Ana Casares (Egues) 1:22:27
- Claudia Behobide (Hondarribia) 1:24:29
- Nerea Garmendia (Irun) 1:27:19
- Amagoia Mitxelena (Errenteria-Orereta) 1:30:55
- Aurelie Danglade (Talence, Akitania)