Irungo EH Bildu bete-betean sartu da kanpainan atzoko ekitaldiarekin. Maiatzeko hauteskundeetarako zerrenda eta lan-taldea aurkeztu zituen koalizioak eta beste behin ere Irungo alkatetzarako hautagaia Oinatz Mitxelena izango dela iragarri zuen. Txalo artean hartu hitza Mitxelenak: “Errepikatzeko prest zaude? Behin baino gehiagotan egin didate galdera hau; eta ikusten duzuen bezala, erantzuna baiezkoa izan da”.
Aurrean duena “erronka galanta” dela onartuta segitu zuen hitz hartzearekin zerrendaburuak, Irunek “aldaketa behar” duela nabarmentzeko: “Irunek aldaketa behar du eta aldaketa egongo da. Irundarrek jasaten duten egoera aldatzen saiatzea izan da gure erronketako bat. Herri honetan bizi diren pertsonen eskubide eta behar guztiak bermatzetik etorriko da aldaketa eta hori egingarria da”.
Areago, aldaketarik egongo bada “guztien artean” egindakoa izango dela adierazi zuen. Ildo horretan, gogora ekarri zuen Gipuzkoako Diputazioak berriki iragarri bezala, Frankismo garaian “Estatuko herri ezberdinetatik” lanera etorritakoei emango zaien urrezko plaka. Zentzu berean, “herri honetako migratzaileek egiten duten ekarpena” aintzatetsi zuen Mitxelenak.
Irungo udal gobernuan dagoen PSE-EEri ere errekadua utzi zion koalizioko buruak. “PSEk eta Santanok Irun gobernatzen hamarkadak” daramatzatela eta, udalean “aire freskoa” sartzea beharrezkoa dela esan zuen EH Bilduren hautagaiak.
“Guztien interesak, ez gutxi batzuen pribilegioak”
Gipuzkoako Ahaldun Nagusirako hautagai Xabier Olano izan zuen ondoan Oinatz Mitxelenak ekitaldian. Gogor kritikatu zuen PSE-EEren kudeaketa eredua. Berau “agortuta” dagoela eta Udal Gobernu Taldeak “Irunentzako proiekturik ez” duela esan zuen. Jeltzaleei ere luzatu zien kritika, eta bi alderdiek egiten dutena “
klientelismo” gisa izendatu zuen: “Denborak arrazoia eman dig. Ez ziren susmoak. auzibidean daude, inputazioak tarteko. Kutxabank, Hiriko, Bidegi… Diru publikoa erabili da enpresa eta poltsiko pribatuak aberasteko, eta horrek izen bat du:
klientelismoa.
Zentzu berean, EAJk eta PSE-EEk Fortuna Handien Zergaren kontra egitea kritikatu zuen, zerga horrek “gipuzkoarren %1ari” eragiten diola eta “horren onurak gipuzkoarren %99ak jasotzen” dituela adierazita. Ondoren, ongi etorria eman zion “Irun aldaketara eraman dezakeen” ekipoari.
Atzo aurkeztutako zerrendako kideak:
Oinatz Mitxelena Munduate: 29 urte ostalaria ofizioz, azken lau urteetan Bildu udal taldeko bozeramaile.
Izaskun Sorondo Arzuaga: 43 urte, ELA sindikatuan hainbat ardura bete izan ditu 11 urtetan zehar, azken urteotan dendari.
Jokin Melida Beltran de Heredia: 37 urte, gizarte hezitzailea. Gazteekin lanean aritua, azken 4 urteetan zinegotzi eta Gipuzkoako Foru Aldundiko gazteria arloko zuzendari.
Itxasne Sagarzazu Olaizola: 32 urte, soziologian doktorea, Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan ikerlari bezala 2014 urtera arte. Gaur egun politika eta inplementazio proiektuetan lanean.
Silvestre Balerdi Rezola: 57 urte, ofizioz autoeskolako zuzendari eta irakasle. Hainbat lanetan aritua, horien artean hondakin arriskutsuak kudeatzen zituen enpresa bateko Gipuzkoako delegatu. Gaur egun langabezian. Txingudi ikastolako guraso elkarteko lehendakari.
Bakarne Antzin Urroz: 55 urte, administraria, gaur egun langabezian.
Dani Berasategi Peña: 46 urte, Oiartzungo udaleko brigadako langilea
Arantza Estivariz Lasa: 46 urte, Ausolagun enpresako begiralea Dunboa ikastetxean
Oskar Marcos Sagarzazu: 54 urte, informatika teknikaria ikasketaz, Gipuzkoako Foru Aldundiko gizarte politika sailean administraria gaur egun, 2003-2007 agintaldian zinegotzi izandakoa.
Jose Cayetano Diez: 57 urte, ofizioz irakaslea, gaur egun bigarren hezkuntzako irakasle Oiartzunen eta azken 4 urteetan zuzendaritza taldean. Txingudi ikastolako guraso elkarteko juntakidea egun. Ingurumen kudeaketarako masterra eginda. Irungo Angula irrati librearen hasierako parte hartzaileetako bat. Irungo gazte antzerkiaren erakustaldiaren antolakuntza lanetan 8 urtez aritua.