Hamar kilometroko ibilbide mistoa egiten azkarrenak izan dira. Larunbatean urtea bete zen Talaia bidean entrenatzen ari zela Beñat Elzo kirolaria hil zela, eta haren lagunek antolatu dute proba. Bildutako dirua Sanfilippo gaitzaren ikerketarako izango da.
Mikel Albeniz, helmugara lehen tokian iristen
Mikel Albeniz donostiarrak irabazi zuen larunbatean I. Beñat Elzo Mendi Lasterketa, 38 minutu eta 23 segundoko denborarekin. Mendiko Lasterketen ligako behin behineko liderra da Albeniz eta sasoiko dagoela erakutsi zuen. Tarte handia atera zion bigarrenari, Carlos Garcia irundarrari (39:25). Erlaitz Mendi Elkarteko mugalari taldekoa da Garcia, eta mugalaria zen ere Beñat Elzo, arrauna utzi eta mendian lasterka hasi zenean. Larunbatean urtebete egin zuen hondarribiar gaztea hil zela, Jaizkibelen entrenatzen ari zela bihotzekoak jota.
Gonzalo Carrion izan zen lehen hondarribiarra helmugan (39:47), eta podiko azken koskara igo zen. Ama Guadalupekoa traineruan Elzoren ondoan aritutakoa da Carrion eta lasterka egiteko zaletasuna ere partekatzen zuten biek. Hunkituta sartu zen Carrion helmugan, txaloka eta besoak zerura altxatuz.
Nesketan, Leire Fernandezek irabazi zuen proba, 46 minutu eta 16 segunduko markarekin. Hamasei urteko errenteriarra Europako kanikros txapelduna da, baina txakurrik gabe ere etorkizun handiko korrikalaria dela erakutsi zuen. Bere atzetik Monica Telletxea irundarra (49:40) eta Amets Maiztegi (50:23) sartu ziren; lehen hondarribiarra izan zen Maiztegi.
Sailkapena
Antolakuntza amateurra
Beñat Elzoren lagunek antolatu dituzte mendi lasterketa eta ondorengo familien artekoa, Biosnar Triatloi Taldearen eta pila bat boluntarioren laguntzarekin; antolatzaileak beraiek ere ez dira gai izan zehazteko zenbatekoa izan den boluntario taldea, baina korrikalariek hori nabarmendu zuten, ibilbide osoan zeudela eta antolakuntza bikaina izan zela. Pertsonak bezala, enpresa askok lagundu du ekimenarekin, eta lehen 60 korrikalarientzat sariak bildu zituzten.
Iaz hildako gaztea omentzeaz gain, helburu solidarioa izan zuen I. Beñat Elzo Mendi Lasterketak, eta jasotako
diru guztia Sanfilippo gaitza ikertzeko bideratuko dute. 2015. urtean haurrei eragiten dien gaixotasun arraro hori sendatzeko entsegu klinikoak hasiko dira eta kanpaina handia egiten ari dira ahalik eta diru gehien biltzeko.
Berria taldeak, esaterako,
Araitz, Ixone eta Unai ahateen parkean liburua argitaratu du eta etekinak Stop Sanfilippo fundazioarentzat izango dira, analisi klinikoen emaitzak onak badira, gaixotasuna duten haur guztiek horiek jaso dezaten horien onura.
-
-
Mikel Albeniz
-
-
Carlos Garcia
-
-
Gonzalo Carrion
-
-
Leire Fernandez
-
-
Monica Telletxea
-
-
Amets Maiztegi