Elkarretaratzea egingo dute 13.00etan San Pedro kalean, Alemaniako poliziak egindako atxiloketa salatzeko. Frantziako justiziak auzi-ihesean epaitu du bitan eta Espainiak ere bera atxilotzeko agindua emanda zeukan, ETAko logistika arloko kide izatea leporatuta.
Alemaniako Poliziak Tomas Elgorriaga Kunze iheslari hondarribiarra atxilotu zuen atzo Manheim herrian, Hesse eskualdean. Espainiako Barne Ministerioak ohar baten bidez zabaldu duenez, atxiloketa Alemaniako Ikerketa Kriminaleko Bulego Federalak (BKA), Polizia Nazionalak eta CNIk elkarrekin egindako operazio batean burutu dute.
Elgorriaga, ezkerrean, herri olinpiadetan
Bilatzeko eta atxilotzeko agindua emana zegoen Elgorriagaren kontra, Espainian nahiz Frantzian, “banda armatuko kide izatea eta agiriak faltsutzean kolaboratzaile izatea egotzita”.
Frantziako Justiziak bitan zigortu du Elgorriaga auzi-ihesean. 2003. urtean lau urteko espetxe zigorra ezarri zioten eta lurralde frantziarrean egotea debekatu. 2006an ere auzipetu zuten. Hesse eskualdeko poliziak jakinarazi duenez, Frantziara estraditatuko dute Elgorriaga, han ezarrita duen zigorra bete dezan.