2013an 22 genero indarkeria kasu egon ziren Hondarribian, beste hemeretzi salaketa eta epaileek 11 babes agindu eman ziren, emakumeen kontrako indarkeriari lotuak.
Emekiko boluntarioak, komertzio batean kartelak banatzen
2013an 22 genero indarkeria kasu egon ziren Hondarribian, beste hemeretzi salaketa eta epaileek 11 babes agindu eman ziren, emakumeen kontrako indarkeriari lotuak. Zenbaki latza da, horietako kasu bakoitzak hotzikara sortzen baitu. Horregatik horiek ezagutarazteko sentsibilizazio kanpaina abiatu zuten joan den astean Hondarribiko Udaleko Gizarte Zerbitzuen Departamentuak eta Emeki emakumeen elkarteak. “Badago mito bat, Hondarribian arazo hori ez dagoela dioena; guk horri buelta eman nahi diogu”, esan du Maite Pelaez Gizarte Zerbitzuen zinegotziak.
Are gehiago, 2012tik indarkeria sexista hazi egin da herrian, duela bi urte eta iaz jasotako datuei erreparatuz gero: “Badaude kasuak; egia da iaztik igo egin dela kopurua, baita denuntzia kopurua, eta herritar askok ez dakien zerbait dela”, salatu du zinegotziak.
Pelaezek adierazi du ez dutela alarma sortu nahi, prebenitu baizik: “Helburu bakarra errealitate bat islatzea da, etorkizunean gehiago ez gertatzeko; honen bidez tratu txarrak jasaten ari diren emakumeak horretaz hitz egitera animatu nahi ditugu, salatu dezaten”. Laugarren urtez ari dira biolentzia sexistaren kontrako sentsibilizazio kanpaina egiten. Aurreko urteetan bezala, puntu lilak dituzten kartelak jarri dituzte herriko komertzioetako erakusleihoetan eta toki publikoetan, iaz herrian jaso ziren indarkeria kasuen kopuruarekin.
Bai Udaleko Gizarte Zerbitzuen Departamentuak, bai Emekik, behar duten emakumeei laguntzeko daudela gaineratu dute eta “genero indarkeria pairatzen ari diren emakume horiei laguntzeko beharrezko baliabide guztiak erabiliko direla”.