Zurrumurruak albiste bilakatzea ez al da lerrokatua egotea?
ANTXETATIK
ZAS zurrumurruen aurkako sarea, agian ezaguna zaizue edo agian ez. Berriki Tokikom tokiko hedabideen sareak, eta hain zuzen ZASek, formazio saio bat eskaini digu gaiaren inguruan, tokiko hedabideetan lan egiten dugun kazetarioi. Bai, ez larritu eta ez harritu, oraindik ere, zurrumurruen aurkako formakuntzak jaso behar ditugu kazetariok.
Eta aitortu dezakegun behingoz, «kazetaritza ez da objektiboa». Zergatik izan beharko luke, gainera, objektiboa? Kontsumitzen dugun prentsaren ustezko objektibotasuna, gainera, ez da erredakziotik hasten. Ez, ez. Ildo editorialetik eta hedabidea osatzen duten jauntxoengandik baizik.
Bingen Zupiria Jaurlaritzako Kultura sailburuaren aburuz, «komunikazioa euskaraz egiten duten hedabideak oso lerratuak daude posizio politiko-ideologiko batuzetara». Euskarazko komunikazioa 2020ko hamarkadan izenburupean, ikastaroa antolatu zuen EHUk eta bertan bota zuen akusazio hau, korrika batean, Bilbora joan behar baitzuen azkar.
Zein aldetara gaude, ordea, lerrokatuak komunikazioa euskaraz egiten dugun hedabideetako kazetariak edota hedabideak? Giza eskubideak errespetatzea eskatzen duen aldera? Euskararentzat etorkizun oparoa aldarrikatu eta borrokatzen duen aldera? Feminismoa bultzatzen duen aldera? Goitik datorrena isil-isilik argitaratzen ez duen aldera? Zurrumurruei lekurik egiten ez dien aldera?
Nola liteke, halako zerbait esan eta lasai gelditu? Nola liteke halako iritzi zehatz bat adierazi eta eztabaidarako tarterik ez utzi?
Ados, nik nire izenean hitz eginen dut. Lerrokatua nago, bai. Erradikala ere dei nazakezue. Prentsa elebidunaren aurkakoa naiz, ez baitio nire iritziz inolako mesederik egiten euskarari. Feminista nintzen eta orain feminista erradikala naiz. Inposatua zaigun sistema kapitalista honek geroz eta nazka gehiago ematen didalako, eskubide oro urratzen duelako, pertsonari duintasuna kentzeraino, aukera duen bakoitzean. Nazka ematen dit arrazakeriak. Nazka ematen dit populismo merkeak… Eta horrela, zerrenda luzea osa dezaket.
Esan dudan guztiak lerrokatuegia nagoela esan nahi badu, ados. Agian lerrokatuak ez daudenek dute arazoa, ezta? Hein batean ados bainago Zupiriarekin. Nik behintzat euskaraz kontsumitzen dudan prentsa giza eskubide ororen alde lerrokatua sumatzen dut.
Beraz, ZASek Tokikomekin batera eskainiriko ikastaroari esker, erradikalizazioan segituko dut eta kontatuko dizuet, adibidez, gezurra dela geroz eta etorkin gehiago bizi dela gurean, kontatuko dizuet gezurra dela diru laguntzetaz bizi direla, eta oihukatuko dut etorkinak etorkin, paper legalekin ala ez, pertsonak direla, zu eta ni bezala. Zurrumurruak albiste bilakatzea ez al da lerrokatua egotea?