Urrezko kaiola apurtu arte!
ANTXETATIK
Egia aitortuko dizuet. Ikasturteko lehen zutabea idazten hasi eta ideiak eten egin zaizkit. Zer kontatua banuen pentsaturik, baina ordenagailu aurrean jarri orduko, hatzak blokeatu egin zaizkit. Izan ere, ez nuke aktualitateko deusen inguruan idatzi nahi. Ni behintzat kokoteraino bainago gaiaz. Belarriak lehertzear ditut. Adimena urratua. Kontzentrazio eskasia sumatzen dut berriak irakurri ala entzuten hasi orduko. Jada ez dut deus jakin nahi gaiaz. Saturatuta sentitzen naiz. Eta bai, dei nazazue xelebre, neurekoi eta nahi duzuen guztia, baina nik irrikaz hasi dut ikasturtea. Gogotsu. Ilusioz. Haurrak ere, pozik sumatu ditut ikastolan hastearekin, protokoloak tarteko, baina alai. Lagunekin jolasteko gogoz, irakasle berria ezagutzeko urduri eta kantinan nola jarriko ote diren galdezka.
Badakit lehengoa ezin dugula normaltasuna deitu. Agian gehienok erritmo ero baten bueltan ibiltzen baikinen dantzan. Ohartu ere egin gabe, zenbat denbora pasatzen genuen hontan ala hartan, honekin ala harekin… Zinez benetan nahi eta sentitzen genuena egin gabe edo egin ezinik. Bai, neuk ere ikasi dut zerbait konfinamendu garai zorrotzenean. Ohartu naiz hala ere, etxean praktikan jarriak genituela hainbat desmartxa. Tokiko merkataritzaren aldeko jarrera aktiboa, bizitza erdigunean jartzearen aldeko apustua, kalitatezko denboraren kezka… Ez naiz deusen eredu, baina adierazpen honekin, nahi izanez gero, ahal dela esatea besterik ez dut xede. Besterik ez.
Ongi etorria da iraila nigan. Ez dakit nola egonen garen urrian. Ezta hilabete amaieran ere. Aski libre bizitzeko baimena izan dugu udaran. Nik behintzat ez dut aldaketa askorik sumatu nire egunerokotasunean. Ez dit deusek nire asmorik baldintzatu (besteak beste, Hendaia izan da Lapurdiko kostalde herri bakarra, musukorik inposatu ez duena. Normala? Harrigarria? Hala segituko ote dugu? Noiz arte? Etxean sartuko ote gaituzte berriz?
Eta azkenean, galdera hauek pausatzean ohartzen naiz udarakoa agian parentesi bat besterik ez dela izan. Ez garela gure ekintza edo erabakien jabe, eta isunen mehatxuarekin gure oldartzeko irrika, klik batean itzaltzeko gaitasuna irabazia dutela, beraz ez galera, ustez, sentitu bezain libre. Eta nik hori nahi dut. Libre bizi!
Eta bai, barkatu irakurle. Azkenean, nahi izan gabe ere, gaiaz hitz egin baitut zutabe honetan. Ekin dezagun, libre izan arte! Urrezko kaiola apurtu arte!