Urko Casado Usandizaga: "Aiako Harriari"
Urko Casado Usandizagak bertso sorta egin du, Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearen eta HITZAren elkarlanaren harira. Honakoak dira bertsoak:
Aiako Harriari
Doinua: ‘Urki zelaiko puntan’
1.
Kantak jarriko ditut zure
maitemiñez,
sentimendurik hitzez azaldu eziñez.
Berdin du jazten zeran gris edo urdiñez,
hosto ugariz edo soineko ariñez,
ezin ederragoa nola zaren
ziñez.
2.
Bat edo hiru zaren askoren
zalantza,
“K” batek karteletan dabilkien dantza!
Toponimia du sarri hizkuntzak ardatza,
udalean zenbaitek ez dakite
antza,
eta errespetua horretantxe
datza.
3.
Hurbiltzeko parada nola sarri dedan,
zenbat denbora pasa ote det
zuregan
zentzu guztiak erne (e)ta burua hegan,
denbora ere gelditu egiten ote dan,
zure parte izaterik bagenu
aukeran!
4.
Haseran tontorretan zen nire arreta,
Txurrumurru, Erroilbide, Hirumugarrieta,
eta sartalderantza daukazun pareta.
Ondoren baso, magal, zoko (e) ta erreka,
Zenbat sorpresa dezu neretzat gordeta?
5.
Landaredia dezu benetan
anitza,
pago, txilar, astigar, iñar nahiz haritza,
zumar, gaztainondo, haltza, urki ta hurritza,
gorosti, lizar, ametz, sahats zein zumitza,
gai zera edonondik sortzeko
bizitza.
6.
Orkatza, azeria, xagua,
azkonarra,
arrabioa, igela, trikua, muxarra,
muskerra, sugandila, saia,
xaguzarra…
Pertsonok ez genuke onartzea txarra
haiek soilik dutela zurekin
beharra.
7.
Berez duzun oreka pertsonok irauli,
errespetorik gabe hainbeste ahali.
Ardi, behi edo behor mendira bidali,
zuregan bizi arren, nahiz askok estali,
abere bakoitzeko mila animali.
8.
Etzarenez osatzen soilik lur publikoz,
lehenengo jo zintuen pinuak
ostikoz.
Pertsonon mixerian dirua beti poz!
ia etzaituzten janzten inoiz
eukalitoz,
zuhaizti (e)ta basoak betirako itoz.
9.
Beti ez dut erdi hutsa ikusten botila,
lau jantzirekin dabil zuregan okila.
Aurten hurbildu zaizu sekulako pila,
pinu lehorretara alimentu bila,
bizitzaz betetzeko txulo borobila.
10.
Kantak jarri dizkizut
Aiako Harria,
gutxi den bezain leku
liluragarria.
Artzain-basozain biko maiz kontrajarria,
elkarlanerako da nere
aldarria,
bakarra izanki lotzen gaitu(e)n uztarria.