Udazken-koloreek ekarri dute beltzuria eta biluztasuna
Zoriaren zirrikak ona zein txarra dakar, eta, hala sentitzen dugunean, elkarri zirrika goza dezagun egun bakoitza ohaidea maitatzeko, irrika ere noizean behin ondokoa alaitzeko, eta tirriki-tarraka bada ere, beti aurrera egiteko! Beti aitzina eskualdun bandera…
Urriaroa iragan zaigu, azaroko San Andres egunarekin batera, eta orain euskararen urtaroan sartu gara. Loraldiberri baten esperantzetan egon nahi nuke, eta Durangoko azokara joanen naiz hatsanka, Hatsaren poesia liburu kolektiboaren 25. urtea xanpainez ospatzera.
Ez dakit idazle naizen, baina idazten dut aspaldian, gaztetxo lotsati hizki mutu nintzenetik, eta sasi-poeta sentitzen naiz askotan, ene bizitzan harramaskatu nauten sasiek, laharrek eta arantzek bulkatu bainaute idaztera maitasunezko hitzak zein muxuak.
Beharbada, nostalgiko jarri naiz Silvio mirestua euskaraz kantuz entzun dudalarik, eta udazken-koloreek beltzuriz margotu dute paisaia eta zerua. Silvio bezala, beharbada ni ere sasi-poeta nauzue, bizitzak mindu ahala, idatzi izan baitut. Laino guztien azpitik eta sasi guztien gainetik ibilian iritsi naiz honaino, hegan batzuetan, beste batzuetan arrastaka. Harramaskaz harramaska zaurituz batera, idatzi dut hitz bakoitza; zauri bakoitzeko poema bat.
Eta horregatik diot sasi-poeta naizela, beharbada, ez nautelako lainoetan goxo loriatzen, antologiatan sartzen, ezta errezitaldietara gonbidatzen ere, eta ene kobazuloaren hatsa hartuz batera botatzen dudalako poesia, zauri bakoitzeko poema bat, eta poema bat beti da biluztea norbere arima.
Arimaren koloreak agertzen ditut hitz bakoitzeko, batzuetan nabar, besteetan beltzuri edo gris, eta argi guztia ez zen agortu agorrilean. Film batean entzun nuen behin mundu honetan konstantea den gauza bakarra argia dela, beti berdina dela eta gu gizakiok garela aldatzen garenak. Maitasuna ere argiaren gisa beti bera ote, beti berdin eta aldatzen garena gu ote? Maitasuna konstante bada, maitasunezko eskutitz eta olerki oro ene konstante ote, eta gu aldatzen al gara maiteari gure benetako sentimenduak azaldu ondoren?
Beharbada ez nituzke amodiozko eskutitz eta olerki gehiago idatzi beharko, eta bizituko dut une oro, argia bezala maitasuna beti bera direlako, nahiz eta gu aldatu? Beharbada, lotsatia eta sentibera naizelako kosta egiten zait ene adinkideekin eta lankideekin adiskide eta lagun izatea? Duela hiru urte lantokian esan zidaten ez zela hura poesiarako tokia, eta horregatik, lotsatu al naiz ene adierazpide nagusiaz, alegia idatzizko hitz poetikoak idazteaz?
Dakidana da ez dakidala ezer, eta 2018ko ene Muxuak poema-liburua irakurle bati aunitz gustatu zaiolako, idazten segitzeko motibo bat dudala; dagokidana egiten saiatuko naiz ahalik eta ongien aurrerantzean ere, nahiz eta hanka sartu eta putzutan plast egin. Halabeharra kuraiez hartu, eta berez doana behartu gabe, etorriko da behar dudana eta amesten dudanaren esperantzetan izanen naiz.