Ta inor ez da berdin
OLIBONDOAREN GERIZPEAN
Homo sapiens garen guztiok genomaren %99,9 berdin-berdina dugu, eta gainerako %0,1 horrek azaltzen du gure espeziearen dibertsitate biologikoa. Hutsaren hurrengo portzentaje horren baitan daude, beraz, gure begien edo ilearen kolorea, gorputz molde bat ala bestea garatzeko joera, edota eritasun bat pairatzeko predisposizio genetikoa.
Arrazoi historiko-ebolutiboak tarteko, Afrika da giza dibertsitatearen gordailua; bertan dugu gizakien arteko dibertsitate handiena. Mundua zuri-beltzean ikusten dutenen disgusturako, gure bizilagun senegaldarrak eta kamerundarrak desberdinagoak izan daitezke euren artean euskalduntasun rh-negatiboarekiko baino.
Hain zuzen ere, SARS-CoV-2 birusarekin lotuta interes handia piztu da gizakion ondare genetikoaren ikerketan. Zientzialariek susmoa dute badirela norbanakoak eta giza populazioak birusarekiko zaurgarritasun handiagoa ala txikiagoa dutenak, eta fenomeno horrek gure baitan daramagun DNArekin zerikusia duela uste dute. Hala balitz, norbanako baten informazio genetikoaren arabera neurri batean aurresan genezake pertsona horrek zein probabilitate duen infekzioa pairatzeko eta baita infekzio horren larritasuna ere.
Baliteke, hortaz, pertsona batzuk beste batzuk baino erresistenteagoak izatea koronabirusarekiko. Eta horrek narama modan jarri den «birus honek denok berdin erasaten gaitu» matraka epiko horretara. Irudipena baitut halako mezuak ez datozela preseski arrazismoaren aurkako plataformetatik ala #denokgaragizaki traolapean.
Aitzitik, esango nuke badagoela halako intentzio bat birusak ekarritako zorigaitza ikus dezagun goitik behera datorren zirimiria bezain natural. Koronabirusak utzitako estatistika beldurgarri horiek uler ditzagun adineko jendea luzaro bizitzearen albo-kalte bezala, gure bizi-kalitatearekiko harrotasun gisa kasik. Eta ez dezagun pentsa, deskuiduan, birusak gurean eragindako zauri larriak zerikusia duenik krisiaren kudeaketarekin. Ala patronalak aktibitate ekonomikoa martxan mantentzeko egindako presioarekin. Edo azken hamarkadan zehar osasun sisteman eta zaintza-sareetan egindako murrizketekin.
Handia litzateke iritsiko bagina koronabirusak jotakoen eboluzioa aurresatera desberdin egiten gaituen genomaren %0,1 horren arabera. Medikuek zinez eskertuko lukete informazio hori gaixoei eman beharreko tratamenduak fintzeko. Agintarientzat ere tresna baliagarria litzateke pandemiaren dinamikak hobeto ulertzeko eta etorkizunera begira erabaki egokiak hartzeko. Susmoa dut, ordea, koronabirusaren eta gerora etor daitezkeenen gaineko zenbait erantzun potolo beste nonbait bilatu beharko ditugula. Bestelako %0,1 baten inguruan, agian.