Nolakoak garen
Nolakoak garen. Zer garen ozen esaten ahalegintzen gara gerora gure ahotsak berak irentsi gaitzan. Nolakoak garen. Gure buruari adjektiboak jartzen harrotzen gara eta soilik horrekin funtzio sozial zein politiko bat betetzen dugula sinesten dugu eta lasai bizi gara: feministak, sozialistak… Nolakoak garen. Esaten digutena entzun eta hala ulertzen dugu mundua. Ez, agian, El Diario Vasco-k […]
Nolakoak garen. Zer garen ozen esaten ahalegintzen gara gerora gure ahotsak berak irentsi gaitzan.
Nolakoak garen. Gure buruari adjektiboak jartzen harrotzen gara eta soilik horrekin funtzio sozial zein politiko bat betetzen dugula sinesten dugu eta lasai bizi gara: feministak, sozialistak…
Nolakoak garen. Esaten digutena entzun eta hala ulertzen dugu mundua. Ez, agian, El Diario Vasco-k esaten duena sinesteraino, baina, noski, bai Gara-k esandakoa.
Nolakoak garen. Dena finkatuta dagoela pentsatu eta konformatzen gara.
Nolakoak garen. Janzkera, hizkera, bizitokia eta abarren arabera pertsonak taldeetan sailkatzen ahalegintzen gara. Nik ez dudanean ezerena eta inorena izan nahi.
Nolakoak garen. Seme-alabak aske izatea nahi dugu, baina aginduak eta epaiak eginez hezten ditugu, entzumena eta konfiantza eskaini beharrean. Haien ideia eta iritziak lehen hitzetik gutxiesten ditugu, adinagatik soilik txorakeriak direlakoan. Agian, ez gara guzti horiei aurre egiteko kapazak.
Nolakoak. Gehiegi inporta zaigu jendeak nitaz esango duena. Bizitza nire gain hartuta, baina besteen pentsamenduen araberakoak dira egiten ditudan ekintzak.
Nolakoak garen. Berdintasuna aldarrikatzen dugu, baina normaltzat hartzen dugu irakasle batek garbitzaile batek baino gehiago kobratzea. Berdintasuna bai, baina bazkaria prestatzeko amari eskatuko diot. Berdintasuna baina ezaugarri batzuen arabera sailkatuta. Berdintasuna bai, baina pribilegiatuak garenoi ez gaitzala asko eragin.
Nolakoak garen. Adierazpen askatasunaren aldeko oihuak egin eta une horretan komeni ez zaiguna isilarazten dugu.
Nolakoak. Ekimen handiak antolatzen abilak jada, baina oinarrizko gauzak alde batean utzita. Baloreak. Atera dadila, bai, eta berdin du nola. Berdin du zabor guztia errefusera botatzen badugu, berdin du antolaketa bi pertsonen agindupean egin bada, berdin du egiten ari garena zergatik eta zertarako egiten ari garen ahaztea. Baina ikus dadila prentsan.
Nolakoak garen. Askatasuna aldarrikatzen dugu, baina etengabe epaitzen ari gara ondoan dugunaren janzkera, ibilera, pentsamendua edo ekintza.
Nolakoak garen. Auzolanaz, elkarlanaz, elkartasunaz, herriaz, batasunaz… hitz egin, baina soilik guk antolatzen dugun ekintzetara azalduko gara.
Nolakoak garen. Inoren baitan farre egin eta gainera huts bat duenari egingo diogu. Hutsa bider bi.
Nolakoak garen. Egun handietan, manifestazioetan eta jaietako turnoetan plazan agertzeagatik eskuak garbitzen ditugu. Kontzientziak lasaitu eta kunplitu.
Nolakoak garen. Linea horizontalean antolatu nahi gara baina liderrak eta heroiak aginduak ematearen zain gaude aurrerapausuak emateko.
Nolakoak garen. Gure bizitzak zerbaiten eta zeren gainean eraikita daudela jakinik, ahalegin minimoa egingo dugu aldatzeko. Inor gutxik egiten baitugu lurrera jauzia berriro hasteko oinez.
Ez gara koherenteak nahi dugun eta daukagun bizitzarekin. Borroka ideia bat da eta lortzeko egiten den hori. Askatasunak ez du jai egunik.