Maider Ugarte Garbizu: 'Beldur eszenikoa'
Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearen eta HITZAren elkarlanaren harira, Maider Ugarte Garbizuk bertso sorta egin du. Hona hemen, Ugartek egindakoa:
Beldur eszenikoa
Doinua: ‘Santa Barbara zure bizitza’
1.
Hitzak, ahotsa, gorputza eta
birikei eskerrak arnas
Ideiak lotu ta diskurtsoak
egiteko banaiz kapaz
Oraingo hontan hitz egin nahi dut
ez zait aterako erraz
Jende aurrean hitz egiteak
ematen didan beldurraz
2.
Blokeo eta dardar kolpea
gorputzean zait mugitzen
izerdi hotza tantaka daukat
izu usaina jaurtitzen
Zalantzak ditut buru-belarri
gorputz osoa zatitzen
autoestimu falta ari zait
neure burua txikitzen
3.
Erre zituzten emakumeak
esanez zela mesede
gure gorputzen desjabetzea
egiteko zenbat lege
Bizi gaitezke enbarazurik
egin gabe, alafede!
Beraz, ikasi dugu mezua:
ez zaitez saiatu ere.
4.
Jaiotzetikan espero dute
guk asko egin dezagun
Espektatibak izan daitezke
beldur guztien errudun
hegoak dira eta batzuetan
edo aingura pisudun
Ea Anarik dioen bezala
diren aingura hegodun
5.
Langile, ama, bikote, lagun
beti eredu ta gida
Maiz perfektua izan beharrak
sortzen dit niri hozkira
Jende aurrean hanka sartzea,
zaudetenean begira,
zuek ez duzue inoiz barkatzen
begiradak iltzeak dira
6.
Periferian gaude gu beti
zentroetan bakar batzuk
gurea ez den espazioa
hartzeko egon behar zut
hizlariak eta publikoak
egin dugunean tupust
arnasa sakon hartu, aurrera
tokia nire egin behar dut
7.
Espazio hau edukitzeak
eragiten dit zirrara
saiatuko naiz lasai hartu ta
neurtzen daukadan ikara
esan entzuten duzula nire
bihotzaren hots taupada
lasaitu nadin gorputz osoaz
emaidazu besarkada!
8.
Bortizki epaitua izatea
beldurraren kausa dut hor
badirudi guk zuei beti
dizuegula zerbait zor
Nirearekin nahikoa dut ta
ni bertsotan ez bainaiz nor
hasi berria naiz eta beraz
arren, ez epaitu gogor!