Maddi Sanz Sanchez: 'Suari'
Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearen eta HITZAren elkarlanaren harira, Maddi Sanz Sanchezek bertso sorta egin du. Honakoak dira hark egindakoak:
Doinua: ‘Abadiño San Blasetan’
Suari
1.
Uda heldu da gurera
ta berarekin batera
egurrak pilatu eta
goaz sua egitera
txar guztiak erretzera.
2.
Aurrean sua piztuta
inguruan elkartuta
desirak patrikan eta
salto eskutik helduta
joan zirenengan gomuta.
3.
Kartzela bota sutara
oroitzapena ziegara
etxeratzeen desira
gure herriaren taupada
preso guztiak plazara.
4.
Titulu eta profila
udaltzainen iskanbila
euskara ez gutxietsi
ez baita hizkuntza hila
errespetatu dadila.
5.
Bi titi eta zakila
ote neska edo mutila
gorputzen aniztasuna
behingoz onartu dadila
gorputzak direla mila.
6.
Jaio eme edo arra
berdintasuna iparra
alardea egin dezagun
parekide eta bakarra
entzun gure deiadarra.
7.
Harrera herria gara
ez politiken gisara
Bidasoaren altzoan
9 gorpu jada
gelditzeko garaia da.
8.
Orain disfrutatu uda
baina ez ahaztu jomuga
herria egin dezagun
gaindituaz mila muga
nahiz suari bota ura.