Loteria tokatu zait
Batzuetan pentsatzen dugu telebistan edo egunkarietan ikusten ditugun albiste asko gugandik oso urrun daudela. Urrunegi. Interesa sortzen dute berri horiek, baina irakurle edo ikusleek zuhurtzia hotzarekin bereganatzen dituzte, askotan, denbora gehiegirik eskaini gabe. Horren eredu dira, nire ustez, loterien edo gisa horretako zozketa eta jokoen irabazleen berri ematen duten notiziak. Xanpaina, jauziak, besarkadak, zoriontasun aurpegiak… […]
Batzuetan pentsatzen dugu telebistan edo egunkarietan ikusten ditugun albiste asko gugandik oso urrun daudela. Urrunegi. Interesa sortzen dute berri horiek, baina irakurle edo ikusleek zuhurtzia hotzarekin bereganatzen dituzte, askotan, denbora gehiegirik eskaini gabe.
Horren eredu dira, nire ustez, loterien edo gisa horretako zozketa eta jokoen irabazleen berri ematen duten notiziak. Xanpaina, jauziak, besarkadak, zoriontasun aurpegiak… Horiek izaten dira albiste abenduaren 22ro eta urtarrilaren 6ero. Hau da, Espainiako loteriaren bi zozketa ezagunenen egunak dira horiek, eta egun horietan bertan nahiz biharamuneko papereko agerkarietan irabazleen aurpegiak, zoramen aurpegiak, aski esanguratsuak dira.
Aurpegi horiek, aurten, esanguratsu izatetik ezagun izatera pasatu dira. Aurreko urteetan izenik ez zuten aurpegi horiek, izen-abizenak izan dituzte: Errege Eguneko loteriaren zati handi bat Pasai Antxon saldu, eta tokatu da. Egunean bertan Ramon, Ainhoa, Pili, Yolanda, Markos, Erik eta beste asko ospakizun betean ikusi nituen loteria egokitu zitzaielako, 22.654 zenbakia ia tatuatua zutela euren kopetetan.
Urte batzuk daramatzat herrietan sortzen diren informazioak lantzen. Askotan, maizegi, jasotakoak ez dira izan albiste atseginak —izan dira momentu pozgarriak ere, noski—, baina kazetariek izan behar duten ustezko hoztasun eta objetibotasunagatik erraiak baretu eta landu izan ditut. Nik, eta nirekin lanean izan diren guztiek.
Baina Errege Eguneko loteriarena, nahiz eta tokatu zaienengan izango duen eragin gehien, herri bati arnasa ematen dion albisteetakoa izan da. Bai, dirua dago guztiaren erdian, dirua ez da dena, baina diruagatik —faltagatik— azken urteetan izan diren albiste ezkorrek sortutako amorruaren zati bat baretu egin zait azken egunetan. Amorru hori sortu zitzaidan, besteak beste, hilaren 6an zoriontsu ikusi nituen antxotar horiek eta Oarso Bidasoko biztanle askok zailtasun asko izan zituztelako, eta dituztelako, euren bizitza aurrera eramateko.
Ez naiz jokozalea. Ez zait tokatu, antxotarra izanda ere, Errege Eguneko loteria. Baina boleto hori zutenekin egon, hitz egin, edo haiei argazkiak ateratzea loteria egokitzearen antzeko izan dira, informazioaren arloari dagokionez behintzat.