Koronabirusaren alde
OLIBONDOAREN GERIZPEAN
Osasuna, hezkuntza, kultur sorkuntza, ekonomia, aisialdia… Guztia jarri digu hankaz gora pandemiak, eta zinez zaila egiten zait monotema horretatik ihes egitea. Baina aurki orok baduenez bere ifrentzua, ikasturteko azken zutabetxo hau aprobetxatuko dut hausnarketa egiteko koronabirusaren eskutik iritsi zaizkigun garaipen txikien bueltan. Eta ariketa serioa doa hau. Ez hartu hemen botatakoak, deskuiduan, birus malapartatu honek bistaratu digun panoramaren gaineko kritika beltz gisa.
Lehenik eta behin, garaipentxoa euskal kostaldeko herri ponpoxoetan irailetik ekainerako alokairuan bizi den maizterrarentzat. Etxejabearen kontu-korronte aseezinagatik, uztail-abuztuan udapasa datorrenari bizilekua utzi behar izaten dion horrentzat. Espero baitut, aurtengoan bederen, etxejabeek nahiago izango dutela urtean zehar hileroko errenta zintzo ordaintzen duen horren segurantza, kanpotik etor litezkeenekin espekulatzea baino. Espero dudalako etxejabe guztiak ez direla Jokin Errasti, ala Jokin Errasti oraindik ez dela etxe guztien jabe.
Pirrikoa, baina garaipen moral eta zilegitasunezkoa, koronabirusaren aitzakian kaleratua izan den langile lehendik ere prekarioarentzat. Jadanik ezin baitio inork leporatu bere posibilitateez gaindi bizi dela, adibidez, odolak irakin egiten badio ekonomiaren garapenerako sailburuari aditzen dionean kaleratzeak saihesteko soldatak jaitsi behar direla. Garaipentxoa, baita ere, udako jaialdi eta makrokontzertuetan, peto fosforitoren bat soinean, orduko lauzpabost euroko soldatapean lan egiten duen gaztearentzat. Aurten ez dio inork aurpegira barre egingo dirutza biltzen duten ekitaldi horietan, ordu txikitan, ia debalde lan egin beharraren kexagatik. Koronabirusa da, lagun.
Jerusalemera ere ekarri digu berri onik pandemiak. Edonon musukoak erabiltzea beharrezkoa denez, poliziari ezinezko egiten zaio azken asteetan gobernuaren aurka protestan dabiltzanen nongotasuna antzematea. Jainkoak Hautatutakoak diren ala ez ebaztea, alegia. Eta horrek berebiziko garrantzia du Estatuaren biolentziarako ere bi neurri diferente aplikatzen dituen herrialdean. Hala, badaezpada ere, poliziak oraingoz ez ditu palestinarren protestetan erabiltzen diren ur kirasduna, gas lakrimogenoa, gomazko pilotak ala benetako munizioa erabili, eta mobilizazioek indartsu diraute oraindik ere.
Bai, birusaren eskutik etorritako garaipenen zakua zinez eskasa da, eta gehienoi gehienetan galtzaile izatea suertatzen ari zaigu aspaldi honetan. Baina gure buruaz barre egiteak zer edo zertarako balio duelakoan, uda on denoi!