Gutuna: "Uretara bota nahi gaituzte"
Garikoitz Lekuona hondarribiarrak iritzi artikulua bidali du HITZAra. Jarraian hark esandakoak, hitzez hitz:
Las Rozas Village edo Zaldunbordako proiektua gauza berdina dira. Erosketak egiteko destinu bat. Hara joanez gero badakizu zertara zoazen, kontsumitzera eta kitto. Denbora pasarako modu bat ere dela esango dizute, baina egiazki dirua duenarentzako kontsumitzeko espazioa besterik ez dira.
San Pedro kalean uda honetan ikusi eta bizitakoak badu antzekotasunik. Badira urteak denok konturatzen hasiak ginela gertatzen ari zenaz, baina aurtengo udan argiki ikusi eta bizi izan dugu: San Pedro kalea pribatizatu dute.
Noski, zutik ezin kontsumitu izanak izan du bere eragina. Baina justuki COVID-19aren ondorio den arau honek prozesua azeleratu eta jada gertatzen ari zena are ageriagoan utzi du.
Udan San Pedro kalea ez da herriko elkargune izan, ez da herritarren elkar toporako, hizketaldi lasai eta egunerokotasunerako espazio izan. Eta bizitutakoak bere egunean Donostian gertatutakoarekin antza handia du.
Donostiarrak beren arteko harremanak mantentzeko Alde Zaharretik Grosera edota Egia auzoetara jo zuten bezala, hondarribiarrak Almirante Alonso eta Butron alderantz jo beharrean aurkitu dira. Erdigunetik kanpo, periferiarantz, oraindik ere esertzea libre den pretilaren bila.
Tabernek eta beren terrazek markatzen dute aspaldian Hondarribiko herritarren kale bizitzako ordutegia. Udan ordutegi zabalagoarekin, baina udatik kanpo, tabernak itxita badaude kalean ez dago inor eta ezer. Eta irekita badaude, eguerdian ordu gutxi batzuk eta arratsaldean akaso baten bat, salbuespenak salbuespen.
Komertzio txikiak San Pedro kaletik bota zituztenetik gertatzen da hau eta herriko komertzio txikiaren aldeko plangintza partekatu eta borondate zintzorik gabe are gehiago zabalduko da. Zeresanik ez Zaldunborda gauzatzen bada. Bestela galdetu udazken edota udaberriko arratsalde batean bisitan bueltatu eta dena itxita ikustearekin batera ezin sinetsi aurpegia geratu zaien bisitariei.
San Pedro kalea da pintxoen eta kontsumo mota zehatz baten ereduaren Las Rozas Village edota inposatu nahi zaigun Zaldunborda berria. Kontsumorako espazio pribatu bat, non ahal dutenek erdigunetik alde egingo duten eta herriko zaharrenak (txikiteroak zirenak), erretserbatako azken indioak bezala, lau hormen arteko mahai txikiren baten bueltan eseriko diren izan zen Hondarribia hartaz nostalgiaz blagan jarduteko, ilunpean desagertzen diren bitarte.
Zorionez badira oraindik ere herrian elkargunerako beste leku batzuk, baina kontuz! Espazio publikoaren pribatizazioaren olatua zabalduz gero, harantzago ez dago ezer, itsasoa besterik ez.