Gotzon Aizpiolea Etxegoien: 'Aspaldiko'
Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearen eta HITZAren elkarlanaren harira, Gotzon Aizpiolea Etxegoienek bertso sorta egin du. Honakoak dira hark egindakoak:
Doinua: ‘Iparragirre’
Aspaldiko
1.
Eskuentzako heldulekua,
eragiteko bi biela,
hiri barruan, mendian edo
errepidean bestela.
Izan azkar, nahiz trankil
gurpil gainean dabil
eta esertzeko zela.
Ba al dakizu asmakizunik
onenetakoa dela?
2.
Bakoitza bere lekuan jartzen
aritzen zara zintzoki
mundu guztia ez garelako
Ane, Miguel edo Coppi.
Baina zenbat helburu,
gu adina seguru,
ta mundua jolastoki.
Lanean zintzo ariko zara
zaindu ezkero egoki.
3.
Bi platerako bizikletari
jarri dizute bakarra.
Nire ustetan erabakia
izan da nahiko kaxkarra.
Pisuaren antsia,
hori da garrantzia…
Hemen ere, kaka za(ha)rra!
Hau da guztia, eta guztiok,
dietaz mugatu beharra!
4.
Diskoak edo zapatak hobe?
Nola balazta gainbe(he)ra?
Modu berria edo zaharra?
Ez atzera, ez aurrera.
Gaur arte zen normala,
harreman naturala,
ondorioak atera;
diskorik gabe zapata batzuk
dantzatzerik ba ote da?
5.
Koroak berriz, hamabi jada,
ez da kopuru hutsala,
eta onartu behar da gorantz
kontrolik gabe doala.
Ez al da gertatuko,
historia lekuko,
ez baldinbetan, oxala!
Espainiako koroarekin
gertatu zaigun bezala.
6.
Suge txistuak utzi badizu
gurpil-uztaia lurrean,
zorteak iskin egin dizula
zaude jakin beharrean.
Geratu zaitez hemen,
eta hartu atseden
lasaitasun ederrean,
zulatutako hori konponduz
errepide bazterrean.
7.
Azken bertso hau irakurtzean
utz iezadazu esaten,
bizikleta bat baldin baduzu,
ez geratu itxaroten.
Sor ezazu aukera
igotzeko gainera,
utziozu eramaten,
koipe beltzik ez duen kate hau
sekula ez dadin eten.