Manu Goiogana Bengoetxea: "Pantailetatik zintzilik"

Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearen eta HITZAren elkarlanaren harira, Manu Goiogana Bengoetxeak bertso sorta egin du. Hona hemen Goioganak egindakoa:

Pantailetatik zintzilik

Doinua: ‘Gizakiak harri bat’

1.

Idatzi nahiko

nuke dudan sentipenaz,

kezka baitut pantailek

duen hedapenaz.

Orain uneoro da

lehen zena apenas,

haurrak pantailen menpe, 

ni penaren penaz,

hausnartu ote dugu 

euren garapenaz? (Bis)

2.

Nahi baititugu isil

antzean mantendu

etengabe pantailak

ditugu sostengu. 

Unean irtenbide

ona ematen du, 

baina ondorioak

ohi dira gailendu: 

isilarazten ditu

baina loa kendu. (Bis)

3.

Bideo zentzugabe 

motzen zaintzapean 

hainbeste estimulu 

azkar ematean 

horra ohituko dira 

eurentzat kaltean. 

Gero_eskuak burura 

inork esatean

ezin dela murgildu 

liburu batean. (Bis)

4.

Kognitiboki zenbat 

dien eragiten 

hausnartu gabe zaila 

genuen jakiten. 

Bideoak ikusten, 

nahiz zer ez dakiten, 

pilatu beharrean 

hamaika bizipen 

mundua esploratzen 

eta hitz egiten. (Bis)

 

5.

Aldiro umeek ze 

dopamina txute, 

pentsa hori luzatzen 

bada urtez urte 

eguneroko jardun 

luzearen truke 

pantailak bilakatzen 

dituzte arkupe

ta euren mundua han 

eraikitzen dute. (Bis)

 

6.

Ez den baden zerbait da 

mundu digitala,

oso oso luzea

duena itzala.

Nork ez du_ikusi haur bat 

mobila daukala

pantaila aurpegira 

hurbilduz doala, 

mugikorrak xurgatu 

behar balu bezala. (Bis)

 

7.

Etxea txukuntzeko, 

orrazteko apain, 

laneko estresak ez 

diezagun har gain… 

lehen aiton-amonak, 

mugikorrak orain. 

Gurasoak ez beste 

edozein umezain

eta artean haurra 

haurtzaro baten zain. (Bis)

 

8.

Ez ditzagun haurrak har 

hain era estuan,

gu ere baikabiltza

ezin saihestuan.

Mobila erabiltzen

beti aurreskuan, 

haurren hobe beharrez 

kezka antzeztuan 

beraiei debekatzen 

geurea eskuan. (Bis)

 

9.

Geratzeko etorri 

zaigunez mundura 

pantailen, edukien 

ta hormonen guda,

nahiz eta haur gehienek 

ikusi gustura,

ez ditzagula utzi 

beraien eskura,

ta erabil ditzagun

behar den modura. (Bis)

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.