Makalo Jauregi Beloki: 'Iñigo Muguruza'
Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearen eta HITZAren elkarlanaren harira, Makalo Jauregi Belokik bertso sorta egin du. Bi zatitan banatu du sorta, bi doinurekin. Hona hemen, Jauregik egindakoa:
Iñigo Muguruza
Doinua: ‘Agur sagar beltzaran’
1.
Mila bederatzirehun
Larogei ta lauan
Haize berriren batek
Astindu gintuan
Rocka Ska jauziak
Argiak fokuan
Kitarra-apalarekin
Koroak kantuan
Iñigo Muguruza
Zaitut akorduan.
2.
After-boltxebike ta
Azken guda dantza
Kolpez kolpe datozkit
Izenburu saltsa
Urte luzeetan nun nahi
Zenbat kontradantza!
Kortaturen indarra
Piper eta gatza
Iñigo zure eskua
Hain zen aberatsa!
3.
Kortatutik «Delirium»
Ta negu gorrira
Borreroak dituen
Milaka-aurpegira
Galindo ta enparau
Nolako mugida
Zuen irudimenak
Bazuen dizdira
Iñigo zu ez zinan
Iñoiz erretira.
4.
«Joxe Ripiau» «Sagarroi»
«Lurra», «Hiru leike»
Beste lau izenburu
Ene! Nola leike
Musika pasioa
Musika egite
Eta jaso zenitun
Beste hainbat konbite
Zinena zinelako
Guk zaitugu maite.
5.
«Bizitza triste eta
Ederra» zenion
«Karpe diem» «Gabriela»
Entzun genizkion
Erritmo kutsakorrak
Sortzen zitzaizkion
Bide amaigabeetan
«Manresan» «Laudion»
Ke arteko gaupasak
Milaka zorion.
Doinua: ‘Ai Margarita’
6.
Zure aurrera gatoz-Kantatzera Margarita
Bertsolari ta zale-Ai zer kuadrila polita
Iñigo ez al zaude?- Bazter batetik irrika
Ea gustatzen zaizun-Gure arteko lirika
Gure jolasa hau da-Batak bestea zirika
Ragamufin eta ska-Kantari eta jauzika.
7.
Ai Margarita…
Janis Joplin, Bob Maley-Laboa ta Maurizia
Iñigoren alboan-Konplizitate bizia
Gure artean dabil-Zuek guretzat utzia
Karpe diem da hemen-Gure lema Nagusia
Bizirik dago zuek-Sortutako extasia.
Ai Margarita… ditut akaso!