Jon Luzuriaga Iurramendi: 'Gaur gaueko fauna'
Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearen eta HITZAren elkarlanaren harira, Jon Luzuriaga Iurramendik bertso sorta egin du. Honakoa da sorta:
Gaur gaueko fauna
Doinua: ‘Estutzen ez bagaitu’
1
Udan dena ez denez
izan arrauna
gaupasak egin ditut
hilero launa;
andre zein jauna
deskriba dezadan gaur
gaueko fauna!
2
Nahiz eta dantzarako
musika jarri
erritmoa jarriatzen
gabiltza larri…
Erakargarri
dantzatzen duenari
hamar puxtarri!
3
-Aspaldiko! Ez duzu
aurpegi txarrik!
Nahiz kalean topatu
sarri xamarrik
ez jo adarrik!
hitza trukatzen dugu
juergan bakarrik.
4
Astinduz instagramak
eta twiterrak
partekatzeko une
onak, ederrak
edo okerrak
dena grabatu nahi du
influentzerrak!
5
Begiratuz txokora
joan den bati,
beti ligatzen duen
hura izaki,
erdi lotsati,
nola egiten duen
inork ez daki!
6
Neretzako oreka
zailtzen ari da;
hark bikoitza edango
zuen guztira
baina begira,
estatuak gehiago
mugitzen dira!
7
Guztiekin hitz egin
behar derrigor
izan Logroño edo
izan Benidorm
pozik dabil hor
ba al da ezagutzen
ez duen inor?
8
Ezin bereizi gari
eta lastoa
nahiz eta umetan zen
formal askoa!
Gaur ze astoa!
Denon aurrean sartu
du arrastoa!
9
Kubatak edan ditu
baliran ura
begira horrek duen
mamu itxura;
nor ote hura?
pertsona zena zonbi
bat bihurtu da
10
Lujanbio denaren
ustearekin,
harroxko dagoenez
bertsotan ekin
edonorekin;
lepotik helduz gero
kontuz horrekin!
11
Ni ez naiz horrelako
pertsonen zale
Juliganak dabiltza
kalerik kale
-«Errealale!»
Lotarako garaia
dudan seinale!
12
Ibili naizen arren
erdi pailazo,
besteenak kontatu
nireez paso!
Ene amatxo,
noizbait esplikatuko
ditut akaso!