Iker Altuna Albisu: 'Goizuetako misioa'
Goizuetako misioa
Doinua: ‘Manuel Narruk atzo esan dit B’
1.
Zorionez gu nola gabiltzan
bizimodu hain librean,
hemen dena da posible eta
dena dugu posible han.
Lerroburu hau erreala da,
ez dut aurkitu airean:
«Txintxetak eta iltzeak daude
Goizuetako bidean».
2.
Hainbat ziklistek salatu dute,
garaia da ohartzeko,
errepidean norbait ibili
da jartzen hamaika zepo.
Nik ez dakit ba, baina jendea
dago aspertuta seko,
batek denbora librea hori
egiten igarotzeko.
3.
Askok gurpila zulatu zuten
pasa orduko stopa,
eta segidan ulertu zuten
eratutako konplota.
Ondorioa argia dugu,
eta ez al du inporta?
Nonbait gorroto handia dago
txirrindularion kontra.
4.
«Nire aurrean ziklista bat, dios!
Sorpresa desatsegina!
Hura lehenbailehen aurreratzeko
egin behar ahalegina!»
Errepideko esperientzia
ez litzateke berdina,
bizi honetan beti presaka
ibiliko ez bagina.
5.
Presaren erruz istripu latza
izaten baita askotan,
zenbat ziklista hil ote dira
azkenengo urteotan?
Helburua ez izanagatik
hastea norgehiagokan,
gorrotoa guk behar genuke,
norbaitek izatekotan!
6.
Diskurtsoetan diskurtso hau da,
nire ustez, erregea:
«Trafiko-arau guztiak hausten
ziklista dugu trebea!».
Mito faltsuak gezurtatzea
da bertso hauen xedea,
salbuespenak ez duelako
inoiz egiten legea.
7.
Esan nahi nuen hori, aizue,
esan ote dut argiro?
Problematika hauek zabaltzen
segituko dut aldiro.
Ai! Usabiaga jauna, ETBn,
azal ezazu geldiro:
Euskal Herriko errepidean
gehiegitan ez da giro!
8.
Bizikidetza erronka dela
sarri askotan diogu;
nolanahi ere, hitz horrek ditu
gurean hainbeste zoru.
Errepideko elkarbizitza
nahi baldin bada konpondu,
arazoari denok batera
heldu beharko diogu.