Egoitz Zelaia Perez: 'Etxe minez'
Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearen eta HITZAren elkarlanaren harira, Egoitz Zabala Perezek bertso sorta egin du. Hona hemen, Zabalak egindakoa:
Etxe minez
Doinua: ‘Lagundurikan danoi I’
1.
Etxeko egongela
da haien arkupe.
Serioski dabiltzan
egindura dute.
Ezkontza argazkiez
hitzez dihardute
koloreko zirenak
duela hiru urte
orain zuri-beltzean
ikusten dituzte.
2.
Diruak agintea
dakarren planetan
noizbait ausartu ziren
geroko planetan.
Lanak ebatsitako
azken laztanetan
mina atzeman dute
kontraerranetan.
Kanporatze agindu
baten erranetan.
3.
Odol hotzak jandako
mezu otzanetan,
beroa geratzen da
maiz pertsianetan.
Etxebizitza berri
baten porlanetan
eraiki nahiak duen
joan-iganetan
noiz hasi ote ziren
eraiste lanetan.
4.
Aspaldi ez direla
mintzo sentimenduz.
Aspaldi ez dutela
ulertzen aieruz.
Erantzun nahi lukete
lasaiki, soseguz,
baina mintzatzen dira
minaren erneguz
eri nagian duten
eraztuna helduz.
5.
Hitz soseguetatik
garrasira jinik
elkarrentzat ez dute
atera hitz finik.
Hauxe azkenengoa
dutela jakinik
adosteko ez dute
egiten zirkinik
elkar maite dutela
oroitu ezinik.
6.
Hasiera batean
hain zena berezi
zergatik ez ote du
gehiago merezi?
Badabiltza elkarri
ezin ihardetsi
halako bikote bat,
ezin da sinetsi,
zein erraz elkartzen den
zein zailki bereizi.
7.
Zorrak minak adina
eta dohakabe
harremana bihurtu
zaie atsekabe.
kanapetik altxatu
dira oharkabe
eta elkarrengandik
egin dute alde
galdu dutena zer den
konprenitu gabe.
8.
Zer gauza behar ote
dugu ulertzeko
zein gutxi behar dugun
minez zimeltzeko.
Ametsak amets dira
baina banketxeko
horiek jarraitzen dute,
batekoz bertzeko,
ez duzuna ematen
duzuna kentzeko.