Aitor Errazkin Vicente: 'Hortxe duzu hizkuntza bat gutxiagotua'

Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearen eta HITZAren elkarlanaren harira, Aitor Errazkin Vicentek bertso sorta egin du. Hona hemen, Errazkinek egindakoa:

Hortxe duzu hizkuntza bat gutxiagotua

Doinua: ‘Furra-furra’

1.

Euskararen eguna

abenduak hiru

Udalak diskurtsoa

preparatzen digu:

2.

Denok «ehuntzen» omen

dugunez euskara

guztion «eskubide»

eta «ardura» da

3.

Ez dakit norena den

aurtengo testua

baina sutan jarri ta

erre du eskua

4.

Aspaldi ez baitabil

liskarra besterik;

ez «ardurarik» eta

ez «eskubiderik»

Furra-furra

fandangua!

Hortxe duzu

hizkuntza bat

gutxiagotua!

5.

Ondoko egunean

hilak lau zituen

argiak pizteko prest

Gabonak Irunen!

6.

Jaialdiak bazuen

hamaika arrisku

Asma ezazue zein

argi ez zen piztu!

7.

Nahiz ez dudan esan nahi

inolaz hemen nik

euskara berariaz

«itzali» zutenik…

8.

… berdin dio nahi gabe

egin ala nahita

kaltea aldiro bat

eta bera baita.

Furra-furra

fandangua!

Hortxe duzu

hizkuntza bat

gutxiagotua!

9.

Oldarraldi betea

euskararen aurka

egoerak itxura

oso txarra dauka

10.

Erantzun behar dela

ba omen dakigu

baina, «denona bada»,

denoi dagokigu

11.

Berrogeita bi urte

laurogeita bitik

eta erabilera

sasien azpitik

12.

Espabila gaitezen

ez da berriketa

argi gorriak berriz

piztu dira eta

Furra-furra

fandangua!

Hortxe duzu

hizkuntza bat

gutxiagotua!

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.