Aitor Errazkin Vicente: 'Pequeña velocidad', galdera ikur handia
Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearen eta HITZAren elkarlanaren harira, Aitor Errazkin Vicentek bertso sorta egin du. Honakoak dira hark egindakoak.
‘Pequeña velocidad’, galdera ikus handia
Doinua: ‘Zeruari begira’
1.
‘Pequeña Velocidad’
pabiloi bitxia
pasaeran frankotan
nahiz eta ikusia
eskolatik gutxitxo
dator ikasia
bere baitan dagoen
historia guzia.
2.
Kontzentrazio-esparru
kontuak nazien
istorioak zirela
sinetsita nintzen
baina Irunen ere
gauzak nola diren…
baten faltan bospasei
izan omen ziren!
3.
Bideratu zituzten
hamaika preso han
ez zirenak postura
oso erosoan
frogak oraindik zutik
dirau Bidasoan
horrek baino ez omen
Gipuzkoa osoan.
4.
Argazkiak badira
noski ikusteko
keinu faxistak eta
eriak tarteko
nahiz txuri-beltzak izan
horitu antzeko
aski dira edozein
lotsagorritzeko.
5.
Ez zaio inoiz jarri
izandu arreta
beti apartatuta
zeuden lau pareta
balioz hustu eta
goroldioz beteta
memoriaz oroitzeaz
ahaztu ginen eta.
6.
Estatu Espainolaren
eskuetan luzaro
Udalarenetara
berriki igaro
eta orain airean
galdera bat dago:
luzituko ote duen
gaur baino gehiago.
7.
Udalak proiektu bat
baitu hor barrena
Via-Irun izena
jarri ziotena
horra ekin aurretik
aitortu zutena:
eraitsi nahi zutela
zutik dagoena.
8.
Nicolas Gerendiain
eta Kepa Ordoki
taldeek adierazi
dute publikoki
han lekiokeela
eskaini egoki
memoriari behar
bezainbeste toki.
9.
Udalak pasarela
nahi du bideratu
eta memorialistek
ez dute ukatu
Gainera museo bat
noiztik da bekatu?
Ezin al dira biak
bakarrera batu?
10.
Trenez elkar litezke
Madril, Paris, Irun
baina nondik gatozen
ahantzi ez dakigun
iraganak zeregin
bat ezarri zigun:
ea geroarekin
uztartzen dakigun…