Adrian Arruti Bernadet: "Lagunaren heriotza"
Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearen eta HITZAren elkarlanaren harira, Adrian Arruti Bernadetek bertso sorta egin du. Hona hemen Arrutik egindakoa:
1.
Bertsoak idaztea
gogorra zelako
uzteko prest nengoen
eta betirako.
Baina azken berriak
mindu nauelako
idazten ausartu naiz,
aitortu beharko,
lapurra gaur etxean
sartu zaigulako.
2.
Inortxok ere esan
izango ez balit
argirik ez denean
ez dela itzalik
lo egingo nukeen
ohean zabalik.
Lapur zitalak ez du
egin lan makalik!
Ez baitigu lapurtu
ondasun hutsalik.
3.
Garrantzitsuagoa
zen zerbait, jakina.
Artoski gordetzeko
a zer ahalegina!
Guztion isilpean
eduki du grina
adiskide-bilduma
hartzeko adina
eta osteko ale
ordezkaezina.
4.
Ni egonik galduen
artean galduen
kargu hartu zenidan
«Adrien, mecaguen!
No me jodas, begira
ni nola nagoen!»
Senti zintzadan ongi;
ahal bezain gertuen.
Ez nizun esan, baina
arrazoi zenuen.
5.
Ruperrek Bakarka Bat
disko biniloan
daukan kantu bat daukat
hoska garondoan.
Halaxe idatzi dut
sorta hau gaurkoan.
Nahiz eta zauria beti
orbaintzera doan
beti egongo zara
guztion gogoan.

