Andoni Zelaia Otaño: '1945 maiatzak 8'
Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearen eta HITZAren elkarlanaren harira, Andoni Zelaia Otañok bertso sorta egin du. Honakoak dira hark egindakoak:
Doinua: ‘Baneza eta banitu’.
1945 maiatzak 8
1.
Historia oroimena
dugu ezkutu onena,
nola galtzailearena,
edo nagusitu dena,
lehengo mendean berrogeita bost
maiatzak zortzigarrena,
bigarren mundu gerra handia
jarri zioten izena,
ardatza deitu nazi frenteak
bere egunik latzena,
beste aldetik aliatuak
gailendu ziran azkena. (err)
2.
Alemania nazia,
Italiari josia,
Japoniak nahi Asia,
jadanik gerra hasia,
Errumania Hungaria eta
Bulgaria ere nahasia,
naziak eta faxistak batuz
frankistak erein hazia,
arrazismoa diktaduraren
atzerakoien hesia,
historiaren lotsa dirade
utzitako herentzia. (err)
3.
Aliatuen ordua,
elkar hartzeko modua,
ertz askotatik landua,
bideratzera heldua,
nazien kontra nazien alde
hola zegoen mundua,
aldaketaren bulkada dator
alde baten helburua,
sobietarrak une zailetan
ez zuten galdu burua,
apirilaren hogeita bosta
Berlingo azken gudua. (err)
4.
Gerrak dakarren kaltea,
fusila eta tankea,
gupida gabe kolpea,
hartu eta ematea,
sobietarrak garaitu zuten
Berlin nazien frentea,
Hitlerrek bere buruaz egin
porrota errematea,
errenditzea sinatu eta
bake bidea hastea,
geroztik gerra hotza da gure
askatasun silbestrea. (err)
5.
Nazio batuen giltza,
hartu eta eman hitza,
sorreran zuen baldintza,
gaur zuzen ote dabiltza?
berriz gatazkak ekiditeko
zilborrestea balitza,
hainbeste miloi zibil hiltzeak
seta krudelen ekintza,
errua nori, hari egotzi
ez du aldatzen emaitza,
zein luzea den sufrimendua
eta zein motza bizitza. (err)
6.
Ehun nazioen bueltan,
Afrika Asia ketan,
Europa Ameriketan,
altxa ziraden armetan,
konkista bidez bizi zirenak
menpeko kolonietan,
askatasuna egun batean
lortuko zuten ustetan,
bakoitzak bere herrian bizi
nahi zuelako benetan,
nazio asko aurkitzen dira
gatibu bere lurretan. (err)
7.
Zauri zaharrak ixteko,
itun idatzi hitzeko,
urrutira iristeko,
sarri elkar irensteko,
justiziaren bi aurpegiak
labankada eta bosteko,
armagintzaren industria da
ileak tente jartzeko,
boteretsuen lagun isila
erabakiak hartzeko,
bake garaiak kudeatuaz
gerra berriak pizteko. (err)
8.
NATO eta G7a,
lohiaz alfonbra azpia,
segurtasun aitzakia,
bide lagun sarraskia,
mundu guztiko epaile omen
ongia eta gaizkia,
demokrazia bakea gerra
diktadura monarkia,
gure buruak defendatzea
ez garela zenbakia,
herri xeheak ezin du jasan
lobby-entzat errukia. (err)