Igauri Lopetegi Amostegi: 'Gure herri ttiki hau zer den'
Irunabar Irungo Bertsoaren Bilgunearen eta HITZAren elkarlanaren harira, Igauri Lopetegi Amostegik bertso sorta egin du. Honakoak dira hark egindakoak:
Gure herri ttiki hau zer den
Doinua: ‘Gure herri ttiki hau da’
«Gure herri ttiki hau da
gosetearen erreinu.
Gaitz erdi zer janik behintzat,
denek izango bagenu.
Ura ta ogia dira
biztanlearen mantenu,
negarrak eta gosea
gure goizeroko menu.
Gaitz erdi gure herrian
bizi ahalko bagenu,
ea ez zaidan bihurtzen
paradisua infernu».
Xabier Silveira
1.
Gure herri ttiki hau da
mundu handi baten testigu,
gogor hartzen gaituena,
nahiz ta saiatu ezti gu.
Ttikitasunak mesede
handirik egin ez digu,
ez dugu mundu hark beste
ez botere ta ez diru.
Askatasun desioak
kateak ditu kastigu,
ta boterea duenak
mantendu nahia aski du.
2.
Gure herri ttiki hau da
horma zuhaitzen gerizan,
istorioak asmatua
geronek sinis genitzan.
Sehaska kanta kantatuz
pedagogia bailitzan,
haizea bezain ixilik
egon gintezen bizitzan.
Isiltasunak, norbere
azken esperantza gisan,
azkenerako, alferrik,
ez digu balio izan.
3.
Gure herri ttiki hau da
kolpatua esan zezan
nor babesten duen berak,
nor duen bere defentsan.
Izan izateko gure
buruekiko promesan,
gurari bat jarri dugu
gaur garenaren ordez han.
Nahiz ta hau sinistu dugun
bizi hau jasan genezan,
entzun nahi ez ditugunak
nahi nituzke hemen esan.
4.
Gure herri ttiki, hau da,
hiritxo baten tamaina.
Irunek ez du balio,
antza, besteenak aina.
Irun da delinkuentzia,
muga, droga ta labaina.
Irudi ederra egin
digute, bai, alajaina.
Euskaldun peto batzuen
hitzez «Irún es España»,
Irun España omen da,
besteak zer dira, baina?
5.
Gure herri ttiki hau da
bereizteko instintua,
sarri berariazkoa,
batzuetan istripua.
Klasismoa izaten du,
maizenik, inplizitua:
atzo belarrimotza zen,
gaur moroa, ijitua.
Txio batean soberan
gelditzen den digitua.
Herri neurriz ttikitua,
pusketatan txikitua.