Gureaz harro
Hondarribian badira urteak daramatzatenak Alardea lehengo egoerara itzuliko den eguna itxaroten, edo, areago, amesten. Horien atsekaberako badut iragarpen bat: Alardea ez da sekula lehengora itzuliko.
Duela hiru hamarkada 26 emakumek soldadu gisa desfilatzeko egin zuten saiakera atzera bueltarik ez duen mugarria da, eta esango nuke, gutxitan jabetzen garela goiz hartan gertatutakoaren indar eraldatzaileaz. Alde Zaharreko sototik atera orduko, Alardearen gatazka estalgabetu ez ezik, borroka irabazita utzi baitziguten. Bai, irabazita. Ekintza hark ez zuen araurik hautsi, araua naturala zelako ustea apurtu zuen, eta herri honetan zegoen egiturazko bazterketa denon bistan jarri zuen. Hala, sarri kontrakoa uste bada ere, gatazka ez zuten emakume haiek sortu, lehendik ere bazegoelako; sortu zutena gatazkaren soluzioa izan zen, helmuga bakarreko errealitatea finkatu zutelako: emakumeak Alardean aterako dira.
Ondoren etorri zen zarata guztia, oraindik ere burrunbaka darabilkiguna, porrota onartzen ez dutenen frustrazioaren kudeaketa izan da. Burugogorkeria horrek eragin dituen ondorio politiko, judizial eta sozial bortitzen pairamena, eta zenbait pertsonen kasuan, gainera, egunez eguneko biziraupen basatia. Izan ere, zarata horrek jo egin gaitu, txistua bota digu, kotxeko gurpilak zulatu dizkigu, agurra ukatu, lagunik gabe utzi, mehatxatu, iraindu eta hezurretaraino ikaratu gaitu. Eta hala ere, hemen gaude. Zapalketa horiek guztiek ez dutelako gatazkaren aterabidea aldatu, denontzako luzeagoa eta garestiagoa egin izana ez bada.
HAOSEkoek ere badakite hori eta, horregatik behar bada, azken urteetako haien proposamena gatazka irabaztetik «desadostasuna hitzartzera» lerratu da. Adierazpen hauxe irakurri genien aurreko astean, bitartekaritzatik erretiratu zela publiko egiteagatik Hondarribiko Udalari erantzun zion komunikatuan. Hizkera berri bat funts zaharkitu batentzat; hor esanda geratzen baita, maiz ikusten ez den argitasunez, dena bere lekuan gera dadin baino ez dutela nahi.
Hogeita hamar urtez emakumezkoak baztertzeko eskubidea legitimatzea eskatzen dabilenean, «aniztasunaren defendatzaile sutsua» eta «demokratikoa» delakoan, HAOSE estrategia diskurtsibo berri bat marrazten ari da, gelditzen zaion azkenetarikoa, behar bada: zapalduoi maileguan hartutako hiztegia erabiltzea bere burua biktima gisa aurkezteko. Eta akaso denboraldi batez funtzionatuko dion estrategia izango da, baina hitzek ezingo dute luzaroan ordezkatu HAOSEri egiazki falta zaiona: proiektu bat. Emakumea Alardean sartzeko neurrira egindako bide orri bat. Eta hori ez duen bitartean, gainerakoa kosmetikoa da; denbora batetik hona ikusten gabiltzan debaldeko bazterrak nahaste eta zimeltze agoniko baten arteko uztarketa.
Hiztegi aldaketa honek, behar bada, izango du loturarik indarra eta sinesgarritasuna galtzen ari direla ohartzearekin. Azken asteetan zabaldu diren soldadu intsumisoen adierazpenek inoiz baino agerikoago egin dute jadanik ezaguna zen HAOSEtik ihesi doazenen tanta-jario etengabea. Eta Alardearekin Bat bezalako ekimen folklorikoetan ere, giharra nahiko luketena baino meheagoa izan dela ikusi da. Instagrameko bideoak, haurren marrazki-lehiaketak, herri-bazkariak eta aizkolariak ez ote dira izango gero eta argiago ikusten den zaurgarritasuna estaltzeko apaingarri dirdiratsuak?
Hemendik hogeita hamar urtera apaingarriak ez dira gogoratuko, baina soto hartatik atera ziren 26 emakume bai, eta haien kontrako zarata guztia ere bai. Harrotasuna ez delako gaur plazan esaten dena, bihar bilobei kontatzeko gai garena baizik.

