Trakatan trakatan
…hiru errege,
trakatan trakatan Betleemera.
Betleemen jaio den Jesus haurtxoa,
trakatan trakatan jaurestera.
Beste baterako laga beharko dugu zergatik nabarmentzen duen kanta herrikoiaren bigarren bertsoak Meltxorren zaldia beltza dela, eta Baltasar xaharrarena zuri-zuri. Arrazakeriaren aurka omen baikaude, baina lizentzia poetikoak zilegi baitira oraindik ere.
Bide luzea Hiru Erregeek duela 2023 urte Palestinara egin zutena. Luzea, eta kasik ezinezkoa litzateke bide hori bera gaur egungo Ekialde Hurbil ez hain post-kolonialean barrena. Indiatik omen zetorren Gaspar, urruti denez urruti. Baina 1947ko Indiaren partizioaren ondoren ez luke egungo Pakistango muga pasatzerik izango, koroa britainiarraren kortesiaz.
Persiatik zetorren Meltxorrek, aldiz, egingo luke Lur Saindurainoko bidea agian, Sirian barrena. Baina baluke nahikoa lan bertatik Israelek okupatutako Golango Gainetan sartzen, zer esanik ez Zisjordaniako check pointak zeharkatzen.
Baltasarrenak badu beretik. Etiopiakoa zela diote batzuek. Eta tira, Baltasar, ze urrun dagoen Etiopia, batez ere ez bazara judua. Baina bada uste duenik Arabiatik etorri zela hirugarren Erregea. Eta hala balitz, akaso berak luke 2023an Betleemeko Estalperako bide errazena. Arabiarren palestinarrekiko elkartasunak ez baitu preziorik, baina bai ordea Arabiako Penintsulan agintzen duten satrapek.
Betleem Jerusalemgo aldirietan dago, Hiri Zaharretik lauzpabost kilometro eskasera. Hantxe agertu zitzaizkien aingeruak artzainei, eta zeruko berri ona ekarri. Han dago Natibitatearen Eliza, Jesusen jaiolekuan eraikia. Huraxe da Lur Sainduko Eguberrien epizentroa, eta hantxe paratzen dute urtero arbola bat edergarri koloretsuz eta argi ikusgarriz apaindua. Eskandinaviakoa izan zitekeen pinu bat, Coca-Cola kolorez jantzia, Ekialde Hurbil ez horren post-kolonialaren bihotzean.
Baina Jerusalem ondokoa ez da Lur Sainduko Betleem bakarra. Egungo Israelgo iparraldean, Galilea Behereko lurretan, bada izen bereko beste herrixka bat. Nazaretetik dozena bat kilometrora izaki, zenbaitek uste du hantxe jaio zela Salbatzailea, eta ez Zisjordaniako Betleemen. Eta diot nik ez dela fundamentua 2023 urte pasata oraindik ere halako nahaste-borrasteekin aritzea, eta deskuiduan halako bidaia luzea egin ondoren Errege Magoak okerreko Betleemera bidaltzea.
Lanak erraztearren, bada garaia Ekialde Hurbileko herri senidetuak zatitzen dituzten mugak altxatzekoa, kolonialismo mendebaldarraren opari pozoidunak birrintzekoa. Eta hurkoaren aurkako arrazakeriaren izenean altxatu diren hormigoizko hormak eraistekoa. Meltxor, Gaspar eta Baltasarren urre, intzentsu eta mirrak merezi lukete hainbeste.
Lagun batek kontatu dit Hiru Erregeak trenez iritsiko direla Irunera, Renferen geltokira. Haur eta helduen pozgarri, ziur Umore Onaren Hirian barrena bide samurragoa egingo dutela Ekialde Hurbil ez hain post-kolonialean baino. Halako batean Kolon pasealekua zeharkatu beharko dute, ordea, eta uste dut afera horri ere heldu beharko diogula noizbait irundarrok.